Sopelan, herri-lasterketa prest

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 23a, 16:53
© MUNARRI ATLETISMO-TALDEA

Hamabosgarrenez, Sopelako Herri Lasterketa antolatuko du Munarri atletismo-taldeak. Hitzordua domekan ipini dute, hilaren 26an; baina, izen-ematea gaur, eguena, itxiko dute, 20:00etan. Inskripzioa antolatzaileen webgunean bete daiteke.

Modu berean, honako lekuetaraino ere jo ahal izango da: Kurtzio kultur etxea (18:00etatik 20:00etara), Algortako Torrene kaleko Kantxa Kirol Moda eta Bilboko Euskalduna kaleko Deportes Bikila denda.

Ohi den legez, elkartasun-ekimena izango da atletismo-proba; hala, batuko duten diru dena aprendeTEA elkarteari emango diote, Autismo Espektroaren Nahasteak eta Asperger dituzten Familien Prestakuntza eta Aisiaren Sustapenerako Elkarteari, alegia. Hori dela eta, euro biko inskripzio-kuota ezarri dute senior eta beterano mailakoentzat; euro banako kuota, gainerakoentzat. Dortsala udaletxean jasotzeko unean ordainduko da.

Proba goizeko 10:30ean hasiko da, Sopelako udaletxearen aurreko plazan. Lehenengo, 400 metroko lasterketari ekingo diote parte-hartzaile txikienek, 2013an eta handik aurrera jaiotako neska-mutilek. Gero, hamar minutuan behin irtengo dira hurrengo mailakoak; hurrenez hurren 800, 1.200, 1.500, 3.000 eta 7.700 metro egiteko. Ehunka parte-hartzaile espero dituzte.

Antolakuntzak ohartarazi du ordu-aldaketagaz kontuz ibiltzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun