Sopelan "beste eredu polizial bat" eskatu zuten atzo bildutako herritarrek; izan ere, kontzentrazioaren ostean irakurritako adierazpenean aipatu zutenez, "urteak dira Udaltzaingoaren aldetik hainbat eraso jasaten ditugula Sopelako herritarrok". Azaldu dutenez, "herriko sarrera eta irteeretan ia egunero egoten dira kontrolak, horietako batzuk buru-berokiagaz eta armak eskuan; herriko gazteen eta etorkinen kontrako jazarpena, herritarrakaz erakusten duten jarrera desafiatzaile eta zakarra... ohikoak dira". Sopela bezalako 13.000 biztanle inguruko herri batean bizilagunon segurtasuna eta ongizatea bermatzeko beharko lukeen polizia bat izatetik "urrun" dago Sopelako Udaltzaingoa, deitzaileen ustez, "eskualde osoan delinkuentzia-tasa baxuena duen herria garenean, gainera".
"Herrian txertatutako polizia gura dugu: hurbila, laguntzeko prest dagoena, arduratu egiten dena, elkarlanean aritzen dena, pedagogikoa dena; eta, hortaz, zirika, errepresioa eta larderia alboratzen dituena. Horretan jarraituko dugu lanean", azaldu dutenez. Hala, datozen asteotan Sopelan gura eta "behar" duten polizia-ereduaren gaineko eztabaida zabaltzeko asmoa azaldu dute. Sopeloztarrei prozesu horretan parte hartzeko dei egin diete, "Sopelan gura eta behar dugun polizia-eredua denon artean eraiki dezagun".