"Euren txaletetatik eta luxuzko pisuetatik, polizia bati pistola lapurtzen ahalegintzen diren gaizkileak babesten dituzten horien jarrera" salatu du ErNE sindikatuak, ohar baten bidez. Kexatu direnez, "gaizkileak mendean hartu eta legez atxilotzeagatik, bortizki jokatzea leporatzen diete agenteei".
Zubigane kaleko supermerkatuan lapurtzea egotzita, hiru gizon atxilotu zituen Sopelako Udaltzaingoak, martitzenean; lekukoek, ostera, Udalak zabaldutako bertsioa "gezurrez josita" dagoela uste dute. Euren ustez, hiru lagunak "bortizki" atxilotu zituzten udaltzainek. Hori salatzeko, dozenaka lagunek egin zuten kontzentrazioa atzo, Udaltzaingoaren komisariaren aurrean. Udalaren arabera, "lau udaltzain bajan" daude.
ErNEren arabera, ostera, atzo batutakoek "arineketan heldu diote polizia-bortizkeriaren ikurra hartzeari". Gaineratu dutenez, "gutxi balitz bezala, udaltzaingoaren kontrako kontzentrazioa deitu zuten".
Hala ere, erakunde hori ez da kontzentrazioa deitu zutenen aurkako mezuak zabaldu dituen bakarra. Besteak beste, Euspel Ertzaintza elkarteak hainbat herritarrek kontzentrazioa deitu izana deitoratu du: "lapurtzen zaituzte, erasotzen zaituzte, zure arma hartzen saiatzen dira eta, gainera, kontzentrazioa deitzen dute zure aurka", aipatu dutenez.
Bitartean, "azkar senda daitezen" opa die "zauritutako udaltzainei" Galdakaoko Poliziak.