Sopelako Zipiriñe eta Iberreko hezkuntza zentroen handitzea jorratuko dute gaurko udalbatzan

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 26a, 13:04

18:30etik aurrera egingo dute Osoko Bilkura. © SOPELAKO UDALA

Gaur arrastian, Sopelako Udaleko osoko bilkura egingo dute 18:30etik aurrera. Besteen artean, gairik garrantzitsuena izango da Zipiriñe eta Iberreko hezkuntza zentroak handitu ahal izateko Sopelako hirigintza araudiaren aldaketa. Izan ere, herriko hezkuntza zentro publikoen eremu arazoak konpontzeko, Loroño eta Abaron kokatuta dauden bi partzela erabili gura ditu Udalak. Hala, herritar guztiak gonbidatuta daude: galdera eta erreguak aurkezteko tartea ere izango dute, osoko bilkuraren bukaeran.

Udalak Loroño eta Abaron kokatuta dauden bi partzela erabili gura ditu Zipiriñe eta Iberreko hezkuntza zentroak handitu ahal izateko. Aitzitik, partzela horiek hezkuntzarako erabiltzeko hirigintza araudia aldatu behar da. Aldaketa horren behin behineko onarpena iraileko osoko bilkuran bozkatu behar zen baina Auzokideen Alternatibak, besteak beste, alegazioa sartu zuen aldaketa horren aurka. Gaurko osoko bilkuran alegazio horiei erantzuna emango zaie.

Gai horrez gain, zenbait zerga eta tasen eguneraketak bozkatuko dituzte, ondasun higiezinen gaineko zerga, hondakinen kudeaketa eta Kurtzioko kultur etxearen erabileragatik kobratzen diren tasak.

Azkenik, zenbait mozio aurkeztuko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskarari buruz emandako epaiaren inguruan Eudelek egindako adierazpena, pentsiodunen eskabideak babesteko mozioa eta etxez etxeko zerbitzuko langileen lan baldintzak hobetzeari buruzko mozioa. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun