Jaiotza inguruko doluari buruzko jardunaldiak egingo dituzte urtarrilaren 22an eta 23an Sopelan

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 18a, 11:16
Urtarrilaren 22 eta 23an egingo dituzte jardunaldiak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Kurtzio Kultur Etxean jaiotza inguruko doluari buruzko jardunaldiak egingo dituzte esperientzia honen konplexutasunei heltzeko modu integral eta errukitsuan. Hala, tokiko komunitatearentzako hausnarketa-, laguntza- eta ikaskuntza-gunea izan gura du. Jaiotza-inguruko dolua errealitate mingarria eta konplexua da, eta gurasoei eta familiei eragiten die haurtxo bat haurdunaldian edo erditu eta gutxira galtzeari aurre egin behar diotenean. Antolatzaileek adierazi dutenez, "dolu mota honek erronka emozional, psikologiko eta fisiko paregabeak ditu, itxaropena, ametsak eta familiako kide berriagaz lotura emozionala galtzea dakarrelako".

Antolatzaileen esanetan, jaiotza-inguruko doluaren inguruabarrak alda daitezke, berezko abortuak, mortinatoak edo jaio eta gutxira izandako heriotzak barne. "Esperientzia bakoitza bakarra da, baina, oro har, galera mota hori jasaten duten pertsonek sarritan emozioen amalgama bati egin behar izaten diote aurre, hala nola tristura, haserrea, errua eta frustrazioa. Gizartea ez ulertzeak eta jaiotza-inguruko galeragaz lotutako estigmak are gehiago larritu dezakete hori jasaten dutenen sufrimendua". 

Testuinguru horretan, Kurtzio Kultur Etxea topagune bihurtuko da gai sentikor honen inguruko esperientziak aztertu, ulertu eta partekatu gura dituzten pertsonentzat. Jardunaldi horiek aukera paregabea dira komunitatean kontzientzia, elkarrizketa eta elkartasuna sustatzeko.

Programazioa hurrengoa da:

Urtarrilak 22, astelehena. 17:30ean: "Ilustrura: Ilustrazioa eta idazketa terapeutikoa" tailerra. Jardunaldiei hasiera emango zaie "Ilustrura" tailerragaz, adierazpen sortzailerako eta esplorazio terapeutikorako sortutako espazioa. Literaturaren munduan Auri Lizundia bezala ezaguna den Nerea Azkona idazle sopeloztarrak dolu perinatala adierazteko eta ulertzeko tresnak ematea helburu duen esperientzia paregabe hau gidatuko du. 

Azkonak arteak konplexutasun emozionalei heltzeko eta horiek ulertzeko duen eraldatzeko gaitasuna nabarmentzen du, parte-hartzaile bakoitzari bere narratiba esploratzeko eta besarkatzeko aukera eskainiz: "Pertsonei laguntzen diet artearen bidez, kasu honetan idazketaren eta marrazketaren bidez, emozioak kudeatzen. Kurtzion, bidaia batean murgilduko gara gure munstroak tratatzeko, gure emozio eta esperientzien sakonera arakatuz. Artea, sarritan hitzetan jartzeko zailak diren emozioak adierazteko bide boteretsua bihurtzen da eta espazio honetan, marra eta hitz bakoitzak geure narratibei aurre egitera garamatza; azkenean, geure historiaren zati ulerkor eta benetakoago bat eramaten dugu gurekin".

Urtarrilak 22, 18:30ean: Madre en Duelo liburuaren aurkezpena: Nerea Azkonak berak, Auri Lizundia bere alter ego literarioaren bitartez bere lana partekatuko du. Saio honek Lizundiaren esperientzia narratiboan murgiltzeko eta gai konplexu honen ikuspegi sakona lortzeko aukera emango die bertaratutakoei.

Urtarrilak 23, 17:00etan: "Poesia eta Dolua" espresio gunea: Bigarren eguneko arrastian, poesia eta artea sendatzeko eta konektatzeko bitarteko gisa hartzen dituen adierazpen-gune bat irekiko da. Sopela Zurekin tokiko erakundeak zuzenduko du topaketa, eta ingurune egokia eskaini nahi du parte-hartzaileek adierazpen artistikoaren bidez beren emozioak parteka ditzaten.

Urtarrilak 23, 18:00etan: "Jaiotza inguruko dolua ikusaraziz " hitzaldia: Jardunaldiei amaiera emateko, funtsezko solasaldi bat egingo da, haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaioberrietako dolua ikusarazteko beharraz. Elkarrizketa horrek tabuak apurtzen eta doluak gaur egungo gizartean dituen agerpen desberdinei buruzko kontzientzia areagotzen lagunduko du.

Aitziber Onaindia Sopelako Udaleko Kultura zinegotziak, bere aldetik, nabarmendu du jardunaldi hauek "aukera paregabea direla dolu perinatala bezalako gai delikatu baten inguruan gogoeta egiteko, ikasteko eta elkarri laguntzeko".

Deialdia gai honetan sakondu nahi duten guztientzat zabalik dago. Sarrera doakoa da eta izena aurrez aurre emango da Kurtzio Kultur Etxean edo esteka honen bidez: https://sarrerak.sopela.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun