Parte hartu Sopelako Jaiak 2024 kartel lehiaketan!

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 26a, 11:22
Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 30a da, 20:00ak arte. ©SOPELAKO UDALA

Sopelako 2024ko jaietako kartel lehiaketan parte har dezakete herritar guztiek,  banaka edo taldeka. Halere, egile bakoitzeko lan bakarra onartuko da. Kartelaren gaiak jaiakaz zerikusia eduki beharko du, eta derrigorrez beste lehiaketa batzuetan saritu bakoa izango da. Teknika eta kolorea libreak izango dira eta tamaina DIN A3koa izango da euskarri zurrunean finkatuta aurkeztuko delako. Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 30a da, 20:00ak arte.

Kartelak ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa ere aurkeztu behar izango da JPEGen eta 300ppp-tako kalitatean gutxienez. Irabazlea suertatzen den kartelaren egileak jaietako programarako kartelaren moldaketa egin beharko du (separatak).

Halaber, kartelek hurrengo testua izan behar dute:

SOPELAKO JAIAK 2024
San Pedro ekainak ekainak 27-30
Karmenak uztailak 12-16
Sta. Marina uztailak 20

Gainera, lehiaketara aurkeztutako lanek ezin izango dute eduki publizitaterik edo jarrera homofobo, xenofobo edo hizkuntza, irudi edo eduki sexistetara bultzatzen duen erreferentziarik.

Lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztu behar dira gutun-azal itxi batean, identifikazio-datuak erantsita: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Obra eta gutun-azal itxia zenbakituko dira entregatzeko unean.

Lanak Kurtzio kultur etxean emango dira: astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, edo zapatu eta domeketan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Antolakuntzak zaindu egingo ditu entregatutako obrak, baina ez da horien galeraren edo narriaduraren erantzule izango. Zirrimarra elkarteak osatuko du epaimahaia eta bere erabakia apelaezina izango da.

Bi maila egongo dira. Maila nagusian (18 urtetik gorakoentzat): lehenengo saria 595 euro eta egile sopeloztar onenari (irabazlea ez dena) 150 euro. Haur eta Gazteen atalean: lehenengo saria 4-7 urte; 8-10 urte eta 11-14 bitartean oparia; lehenengo saria 15-18 urte bitartean 80 euro. Saritutako lana Kurtzio Kultur Etxearen jabegora pasatuko da. Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea 2024ko uztailaren 3tik 7ra izango da, (08:00etatik-15:00etara) eta egun horren ostean jaso barik gelditutakoak kultur etxearen esku lotuko dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gugaz harremanetan info@sopela.eus helbidearen bidez edo 944 065 505 telefonora deituz. Parte hartu eta erakutsi zure sormena!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun