Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

Borroka feminista aldarrikatu dute Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 8a, 09:42

Manifestu feminista irakurri zuen atzo, domekan, Inola elkarteak. © INOLA

Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak agerian utzi, emakumeen ahalduntze-beharra aldarrikatu eta euren artean sareak ehuntzeko beharraz jabetzeko konpromisoa ekingo diotela aldarrikatu zuen atzo, domekan, Urdulizko Inola elkarte feministak. Manifestua irakurri ondoren, kalejira egin zuten, besteak beste. Gaur, martxoaren 8an, gainontzeko udalerrietan legez, borroka feministagaz jarraitzeko beharra agerian utziko dute, 19:00etatik aurrera.

Inola elkarte feministak bidalitako oharra, osorik

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu Urdulizen. Hala gogoan izan, 1857an, New Yorkeko ehungintzako langileak kalera atera zirela "ogia eta arrosak" leloarekin, pairatzen zituzten lan baldintza kaxkarrengatik protesta egiteko.

Gaur egun, 164 urte geroago, tamalez, kalera ateratzen jarraitzen dugu gure leloekin, patriarkatuak kendu nahi dizkigun gure eskubideak aldarrikatuz. Eskubide horiek bereziki urratu dira bizi dugun pandemia egoeran.

Emakumeak izan gara pandemiari aurre egiteko lanen zati handi bat gure gain hartu behar izan dugunok, orain arte ikusezinak izan diren eta inoiz baino gehiago funtsezkoak bihurtu diren sektoreetan: osasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza eta zaintzak. % 80 baino gehiago emakumeek egindako lanak. Soldata prekarioak, kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, arrakala bikoitzak (emakume eta kanpokoa izateagatik), edo lanaldi hirukoitzak. Azken finean zifra ofizialek erakusten baino gehiagotan, emakumeok ustiapena eta zapalkuntza pairatzen dugu.

Horregatik guztiagatik, Inola elkarte feministatik pandemiari aurre egiten ari diren emakume guztiak ikusarazi nahi ditugu. Jakin dezaten ez daudela bakarrik. Gure animoak helarazi nahi dizkiegu, eta gogorarazi muturreko egoerei zein une kritikoei aurre egiteko dugun gaitasuna, eta egokitzeko eta bizirauteko dugun indarra.

Inola elkarte feministan desberdintasunak agerian utzi, emakumeen ahalduntze-beharra eta gure artean sareak ehuntzeko beharraz jabetzeko konpromisoari ekingo diogu. Ez dezagun ahaztu feminismoa sexismoarekin, esplotazio sexistarekin eta zapalkuntzarekin amaitzeko mugimendua dela.

Urduliz, borroka feministaren alde!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun