1.100 lagun inguru hurbildu dira Urdulizko Urez Ur Fest jaialdira

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 25a, 15:39
Tantak-eko kideek azaldu dute denontzako tokia eraiki gura zutela jaialdian. © TANTAK

Apirilaren 15etik 21era bitarteko astean, Urduliz itsasoaren kontserbazioaren eta dibulgazioaren epizentroa bihurtu da Urez Ur Festagaz, Urdulizko Udalak sustatutako eta Tantak GKEak antolatutako jaialdiagaz. Hala, 1.100 pertsona baino gehiago bertaratu dira, itsasoarekiko interesak eta enpatiak bultzatuta. Bertoko eta nazioarteko argazkilarien 25 irudiz osaturiko erakusketa bat dago oraindino ikusgai Urdulizko kultur etxean, apirilaren 28ra arte.

4 eta 12 urte bitarteko 350 ikaslek baino gehiagok itsas hezkuntzako tailerrak egin dituzte astegunetan. Hala, Kantauri itsasoko eta planetako beste leku batzuetako irudi paregabeak ikusi ahal izan dituzte, marrazo-arrautzak eta bale-hezurrak ukitu, gizakiok sortzen dugun inpaktua ulertu eta planeta leku hobea izateko irtenbideak proposatu, betiere itsas biologoek eta hezitzaileek zuzendua. Aste-akabuan ere hitzaldiak eta dokumentalak egon dira aditu, zientzialari eta dibulgatzaileen eskutik.

Jardunaldi horietan ikusleek paper garrantzitsua izan dute, izan ere, aurkezpen bakoitzaren ondoren solasaldi lasaia eta hurbila egin dute eguneko protagonistakaz. Denbora horretan, ikusleek bertatik bertara ezagutu dituzte esperientzia handiko espedizioak eta ustekabeko topaketak, Antartika urrunean edo Polinesia paradisiakoa bezalako lekuetan. Besteak beste, plankton txikian bizi diren forma liluragarriak eta Kantauri itsasoan migratzen duten balea handiak ikasi dituzte.

© TANTAK

Helduek eta gainerako parte-hartzaileek jaialdiaz gozatzen zuten bitartean, 3 eta 12 urte bitarteko adingabeentzat
ludoteka zerbitzua eskaini dute. Domeka goizean, urpean busti gabe igeri egiteko aukera izan dute bertaratu diren lagunek: errealitate birtualeko betaurrekoei esker, 110 pertsonek Ozeano Atlantikoan benetan murgiltzea nolakoa den ikusi ahal izan dute. Publiko guztientzat egokia den jarduera izan arren, premia bereziak dituzten pertsonei edota 60 urtetik gorakoei lehentasuna eman zaie.

Tantak GKE-ko ekitaldiko antolatzaileek nabarmendu dutenez, denontzako tokia eraiki gura zuten jaialdian: "Itsaso eta ozeanoak babesteko, gizarte osoak norabide berean arraun egin behar du. Denok egon behar dugu kontzientziatuta, ez bakarrik belaunaldi berriak, horiek ez baitira erantzule bakarrak."

© TANTAK

Horregaz batera, bertoko eta nazioarteko argazkilarien 25 irudiz osaturiko erakusketa bat dago oraindino ikusgai Urdulizko kultur etxean, apirilaren 28ra arte. Urez Ur Fest argazki lehiaketara bidali diren 25 argazki onenen aukeraketagaz eraiki dute erakusketa, eta horietan, itsasoko jendeari, faunari eta itsas florari buruzko istorioak kontatzen dituzte. Bozketa herrikoia izan da 450 boto baino gehiagogaz, eta Carlos Gilek irabazi du lehen saria "Plastikozko motxila" argazkiagaz, Tono Garciak bigarren saria "Gau urdinxka" lanagaz eta Ricardo Roberto Fernandezek hirugarren saria "Rissoides desmaresti larba alima" obragaz. Argazkilarien informazioa jaialdiaren webgunean eskuragarri dago.

Antolatzaileek onartu dute "hunkituta" eta "poz-pozik" daudela jaialdiak izan duen harreragaz: "Tantak sortu genuenean lau tanta ginen, eta pixkanaka tanta askoko itsasoa sortzen ari gara, itsasoak eta ozeanoak zaintzeko premiarekin sentsibilizatuta. Jaialdi honek itsasoa jendeari eta jendea itsasora hurbiltzea zuen helburu. Eta itsas inguruneak eta bere kudeaketak hainbesteko
interesa sortzen dutela egiaztatu ahal izana, itxaropenez beteriko bultzada izan da itsas kontserbazioaren alde borrokatzen jarraitzeko".

© TANTAK

Erlazionatuak

Itsasoan barrena murgildu dira umeak Urez Ur Fest jaialdian!

Hodei Torres · Nahia Martinez Gondra api 17 Urduliz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun