Ehun pertsonek babesa adierazi diete Kukutzaren alde egiteagatik epaituko dituzten 19 lagunei

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 14a, 10:30
Ehun pertsona inguru kontzentratu dira gaur goizean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegian.

Ehun pertsona inguru kontzentratu dira gaur goizean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien sarreran Kukutza III gaztetxea eraitsi zuten egunean atxilotutako 19 lagunei babesa adierazteko. "Desorden publikoa" eta "erresistentzia delitua" egozten diete, gaztetxearen eraisketa egunean gertatu ziren istiluetan parte hartu zutelakoan. Hala, Bilboko 3. Zigor Aretoak gaur eta asteazkenean egingo diren saioetan epaituko ditu 19 lagun horiek, horien artean Xabier Otxoa itzubaltzetarra eta Gorka Tetua urduliztarra daudela.

Tetuak 2 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigor eskaera dauka, Otxoak eta beste batek 2 urte eta bi hilabetekoa eta gainontzeko hamaseiek hamazortzina hilabetekoa. Fiskaltzak desordena publikoa eta erresistentzia egozten dizkie 2011ko irailaren 23an atxilotutako auzipetu horiei.

Kukutza III gaztetxeko auzipetuen aldeko manifestazioa (2015eko irailaren 12an). Topatu.info

Kukutzarekin elkartasun taldeko oharra:

Lau urte igaro dira Kukutza III hustu eta bota zutenetik eta datorren astean, hilak 14 eta 16, espetxe zigorra eskatuko du fiskaltzak bidegabekeria hori salatzera hurbildu ziren 19 pertsonaren aurka.

Kukutzako auzipetuen kontra irekitako prozeduretatik azkena izango da irailekoa eta  pilatzen duen zigor kopuruarengatik baita gogorrena ere. Batek bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigor eskaera dauka, beste bik bi urte eta bi hilabetekoa eta gainontzeko hamaseiek hamazortzina hilabeteko eskaera.

Datozen astelehen eta asteazkenean Kukutza bota zuten egunean egondako "desordena publikoa" eta "erresistentzia" epaituko dute. Delitu hauek leporatzen dizkiete irailaren 23an beste milaka pertsonarekin batera sarraski hori salatzera gerturatu ziren 19 lagun hauei eta froga bakarra poliziaren atxiloketa aleatorio haiek dira. Denok dakigu nolako jarrera basati eta oldarkorra izan zuen ertzaintzak egun haietan eta bortizkeria polizial hori nolabait justifikatu beharra daukate. Oso merke ateratzen zaie gainera, hamarnaka gazte jipoitu, inputatu eta epaitegira bidali; erraza. Gogorarazi behar dugu, halaber, aurretik epaitutako 23 lagunetik batek hiru urteko espetxe zigorra jaso zuela (helegitea aurkeztuta dago egun) eta gainontzekoen absoluzioa fiskaltzak errekurrituta daukala.

Epaitu barik geratuko dira, ordea, eraikinarekin espekulazio higuingarria egin duen Cabisa enpresa; maniobra espekulatibo antisozialetan ardura osoa duen eta Kukutza botatzeko indar guztia egin duen Bilboko Udala eta PNV alderdia; Errekalde auzoan hiru egunez terrorea hedatu zuen Polizia Autonomikoa eta erakunde hauetako arduradun diren eta  izen-abizena duten handiki guztiak. Berriro ere.

Gainera, badirudi harrotuta dabiltzala eta Kortxoenea botatzeko saiakeran ikusi dugun bezala, nahi dutena egin dezaketela uste dutela. Troikaren ikasle aurreratuak dira, eredu neoliberala ezarriz eta gure hiriak-herriak salgai huts bilakatuz. Herriaren bizkar eta herriari bizkarra emanda.

Horren aurrean, autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde deialdia luzatzen diogu euskal jendarteari larunbat honetarako. Kukutzako auzipetuen aldeko manifestazioan Bilbon, 18:00etan Jesusen Bihotzean. Eta Kortxoenea gaztetxearen aldeko manifestazioan Donostian, 17:30ean Bulebarrean.

Egon ginen eta egongo gara!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun