Eli Zubiagak eta Martxelo Alvarezek Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 8a, 19:32

Gaurko agerraldia. © LIBRE

"Kapital zuritzea" eta "erakunde terrorista laguntzea" egotzita, Eli Zubiaga algortarrak eta Martxelo Alvarez berangoztarrak Madrilera joan beharko dute astelehen edo martitzenean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera. Ezker abertzaleko militante ezagun biek gaur egin dute agerraldia Donostian, eurak legez deitutako beste 25 euskal herritarrakaz. Halere, oraindino 22 lagunek baino ez dute zitazioa jaso.

Ikertutako beste lagunak ei dira honakoak: Gotzon Amaro, Urko Aiartza, Gorka Elejabarrieta, Jon Andoni Lekue, Xabi Larralde, Zigor Gogeaskoetxea, Jean Claude Aguerre, Giuliano Cavaterra, Patricia Martinon, Gregorio Jimenes, Idoia Aiastui, Mikel Aznar, Ainhoa Landaberea, Imanol Nieto, Nerea Goikoetxea, Eider Imaz, Asier Coloma, Hodei Egaña, Miguel Lejarza, Arkaitz Rodriguez, Iñaki Intxusta, Joseba Lizarbe, Asier Altuna, Fernando Gaztelu eta Juan Carlos Tapia.

Aipatutako 27 euskal herritarrak 04/08 auziaren aparteko pieza batean daude, EHAK alderdiaren kontu ekonomikoakaz lotuta, eta 2008tik aurrera sekretupean dabil. Auzi nagusiaren epaiketa asteotan egiten dabiltza Madrilen, akusatuen aulkian Marije Fullaondo algortarra eta EHAK eta EAE-ANV alderdiakaz lotutako beste 34 militante independentista eserita.

Berpiztutako auzikoek gogorarazi dutenez, "duela zortzi urte arrazoi beragatik deklaratzera deituak izan ginen". Era berean, gogora ekarri dute handik hona auzipetuetako batzuk espetxean daudela, beste batzuk zigorra osorik bete ondoren auzibidean ipini gura dituztela eta beste batzuk jada absolbituak izan direla beste epaiketa batzuetan.

Salatu dutenez, "jardun politiko publikoa" egiteagatik jarri dituzte auzibidean: "Epaiketa eta jazarpen politikoaren kateak ez du etenik ordea. Gu deklaratzen gauden bitartean 04/08 auziko lagunak egongo dira epaigelan eta bien bitartean, urtarrilaren 12an beste bost donostiar ere epaituko dituzte, preso bati harrera egitea egotzita", gogorarazi dutenez. Espainiako Estatuari egotzi diote "gatazka egoera betikotu" gura izatea epaiketen bidez: "Epaiketa politikorik gabeko herri bat nahi dugu, behin betirako bakea eta konponbidea nahi ditugu eta gure esku dagoena egingo dugu inmobilismoaren harria mugitzeko".

Prentsaurrekoaren bideoa (© Libre)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun