San Juan gauean arriskuak saihesteko gomendioak eman dituzte suhiltzaileek

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 20a, 17:32

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak San Juan bezpera gauean, ekainak 23, egingo diren suetan gorabeherak prebenitzeko kanpaina informatiboa jarri du abian. Horretarako, audio-mezu bat grabatu du. Halaber, kontuan hartu behar diren oinarrizko gomendioak emateko 1.500 kartel banatu ditu lurraldeko udalen artean.

Aholku horien artean, suak zelan eta non egin behar diren, erre daitezkeen material motak eta hartu behar diren prebentzio-neurriak azaltzen dira. Ildo horretatik, suhiltzaileek materialak metatu diren esparrua garbi eta sua zabaltzeko gauza izan daitezkeen erregai barik mantentzea eskatzen dute; belarrak, sastrakak, paperak edota ehunak kentzea ere bai. Halaber, aholkatzen dute sua ez egiteko hiri-zoladuraren, asfaltoaren edo baldosen gainean, hondatu egin daitezkeelako. Bestalde, eraikin, fatxada, hariteria elektriko edo bestelako instalazio denetatik aldenduta mantentzea eskatzen dute; hiriko altzari, arbola-multzo, ibilgailu eta, oro har, suaren eragina izan ditzaketen azpiegitura edo elementu publiko edo pribatu denetatik ere bai. Erretzeko pilaketak erre baino 72 ordu arinagora arte ez egiteko eskatzen dute suhiltzaileek.

Suetako materialak

Erretzeko materialei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak eskatu du mota denetako lehergaiak, likido suharberak edo eztanda egiteko moduko material guztiak ez erabiltzeko; ezta ke edo gas toxikoak eta kaltegarriak emititzen dituzten gainerakoak ere. Era berean, gomendatzen dute ke asko eragiten duen produkturik ez erabiltzea; besteak beste, pneumatikoak, olioak, ehunak, eta abar. Halaber, ezin dira erre gas berariaz toxikoak edo korrosiboak emititu ditzaketen materialak; berbarako, plastikoak, PVCa, goma-aparrak edo gailu elektrikoak.

Suhiltzaileek gogorarazi dute suek une oro larrialdietako ibilgailuak igarotzeko aukera eman behar dutela eta ezin dituztela, inoiz, zirkulatzeko eta iristeko bideak eragotzi.

Zelan jardun erreduren aurrean

Bizkaiko Foru Aldundiaren Suhiltzaile Zerbitzuak herritar denei gomendatzen die suagaz kontuz ibiltzeko eta gogoan eduki dezatela su horren okerreko erabilerak arriskua sortarazten duela.

Ustekabeko erredurak gertatzen badira erre den azala urez busti behar da 15 minutuz, gutxienez; hasierako une horietan ez da pomada edo desinfektatzailerik aplikatu behar. Erredurak sakonak edo handiak badira SOS Deiak-era deitu behar da, 112 zenbakira, eta pertsona zauritua osasun zentro batera eraman behar da. Erre den aldea estali barik utzi behar da edo, bestela, serum fisiologikoaz bustiko den gasa esteril bat erabiliz estali.

Jaia inolako gorabehera barik amaitzeko, foru-suhiltzaileek gogorarazten dute nahitaezkoa dela segurtatzea sua ondo itzalita uzten dela, horretarako ura botata edo lurrez edo hondarrez estalita. Bizkaiko Suhiltzaileek San Juan bezperako gauean izaten dituzten arazo gehienak su horiek gaizki itzaltzeagatik izaten dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun