Santimamiko jaiak galtzear?

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 11a, 12:39
2014ko apirilaren 13an Kanpomartxo Erandioko Santimami auzoan ospatu zuen Erandion Euskaraz Berbots taldeak. © BERBOTS

Kultur Leioako webgunean iragarri dutenez, abuztuaren 17an eta 18an ospatuko dituzte Santimamiko jaiak. Hala ere, Erandio eta Leioa arteko auzo horretako ospakizunak zeinek antolatuko dituen ez dago batere argi oraindino. Azken urteotan pertsona bakarra ibili da festak prestatzen; arrazoi ezberdinengatik, jendea jai-batzordea uzten joan da... Orain, aipatutako lagunak ere utziko dio jaiak antolatzeari: "lan-kontuengatik ezinezkoa egiten zait jarraitzea. Ez dut inor aurkitu antolaketa aurrera eroan gura duenik", esan du izenik eman gura ez duen jai-batzordeko kide bakarrak.

Dirudienez, Leioako eta Erandioko udalen esku lotuko dira Santimamiko jaiak; Asier Elordui kultur teknikari leioaztarrak daborduko hartu-emanetan daudela baieztatu du. Bitartean, Erandioko Udalaren Euskara Zerbitzuak abuztuaren 18an dauzka ipinita Olgetan Solas euskarazko familiarteko kirol jolasak Santimamiko festetan. Orain arte ospakizunak antolatzen ibili den lagunak aipatu duenez, "gustatuko litzaiguke jaiak baten batek aurrera eroatea. Gu 15 urtez ibili gara antolaketan, eta pena handia izango litzateke jai barik geratzea". Jaietako lehenengo egunean, Santimami eguna ospatu ohi dute; eta, bigarrenean, Santimamitxu, umeentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun