Bilboko Portuko Agintaritzan praktikak egin ahal izango dituzte 18 gaztek

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 14a, 10:30
© BILBOKO PORTUKO AGINTARITZA

Bigarren urtez jarraian, praktikak egiteko programa abian jarri du Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak. Besteak beste, unibertsitateko edo goi-mailako hezkuntza-zikloko titulua daukaten 32 urte baino gutxiagoko gazte langabetuei dago zuzenduta ekimena. Horrez gainera, fundazioaren patronatua osatzen duten bederatzi udalerrietako batean erroldatuta egon beharko dute hautagai denek; Erandio, Leioa eta Getxoko udalak dira kideetako batzuk. Irailaren 15ean bukatuko da eskaerak entregatzeko epea, eta urrian hasiko dira praktikak.

Unibertsitate-titulua daukaten ikasleentzat, gehienez sei hilabete iraungo dute praktikek; lanbide-heziketa dualeko ikasleentzat, berriz, 800 ordu. Novia Salcedo Fundazioak (NSF), Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkarteak (Ikaslan) eta Somorrostroko Lanbide Heziketako ikastetxeak egingo dituzte kudeaketa-lanak eta aurretiko hautaketa.

Programa, oinarriak eta arlo funtzional bakoitzaren berariazko eskaintzak irailean argitaratuta egongo dira udalen webguneetan (www.fundazioa.bilbaoport.eus).

Fundazioari buruz

Bilboko Portuko Agintaritzaren eta ibaiertzeko bederatzi udalerrietako agintariek (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena) osatzen dute Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa; portu-jarduerari lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza dauka.

Helburu hau du fundazioak: "arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia Bizkaiaren garapen ekonomikoan eta sozialean eta itsasertzeko udalerrien integrazioan".

Fundazioaren jarduerek xede hauek dituzte: ikerketa-lerroak garatzea eta sustatzea; mintegiak, sektorekako topaketak eta trebakuntza-ikastaroak antolatzea eta egitea portuarekin eta udalerriekin loturiko sektoreetan; portuko gaietan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko azterketa-proiektuak egitea; azoka, mintegi eta bestelako foroetan parte hartzea; arlo sozialean, kulturalean eta kirol-arloan egiten diren jarduerekin bat egitea eta halakoak babestea; sektoreko administrazioen, erakundeen eta/edo eragileen arteko lankidetza sustatzea; eta inguruan dauden irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun