Nere Lopez de Olmok irabazi du Barrikako Argazkigintza-rallya

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 14a, 14:26

Barrikako alkateak eman zion saria Nerea Lopez del Olmori. © Jubibarrika

Herrian lotu da Barrikako 4x4x3 argazkigintza-rallyaren sari nagusia: Barrikako Nerea Lopez del Olmok irabazi du bilduma onenari saria; bigarrena, Barakaldoko David Fernandez Grañarentzat izan da; hirugarrena, Laudioko Ignacio Valle Zuritari eman diote; eta, tokiko artistaren bilduma onaren saria jaso du Teresa Lopez Lopez barrikoztarrek. Horiez gainera, beste aipamen berezi batzuk ere egin dituzte antolatzaileek.

Ekainaren 12an lehiatu ziren Argazkigintza digitaleko Barrika 4x4x3 rallyko 41 parte-hartzaileak. Arrankudiaga, Barakaldo, Barrika (7), Bilbo, Derio, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Laudio, Plentzia, Sestao, Sopela, Urretxu, Zamora eta Zumaiakoak izan dira aurten parte hartu duten argazkilaritzazaleak.

Bigarrenez antolatu dute Jubibarrika elkarteak eta Barrikako Udalak lehiaketa, eta pasa den astean banatu zituzten sariak. Hala, 164 argazki aztertu ostean, Jesus Maria Rodriguez (Getxo), Luis Ibañez (Bilbo) eta Domi Alonso (Bilbao) adituek osatutako epaimahaiaren erabakiz, bilduma-atalaren saridunak hauek izan dira:

Irabazlea: Nerea Lopez del Olmo (Barrika). 400€ko erosketa-balea.

Bigarren saria: David Fernandez Graña (Barakaldo). 250€ko erosketa-balea.

Hirugarren saria: Ignacio Valle Zurita (Laudio). 150€ko erosketa-balea.

Udalerriko artistaren bilduma onaren saria: Teresa Lopez Lopez (Barrika). 150€ko erosketa-balea.

Horiez gainera, beste sari batzuk ere banatu dituzte; antolatzaileek egunean bertan emandako gaien araberako argazkirik onenak goraipatzeko.

Kontrapikatu onena: Ana Orue Perez de Nanclares (Getxo). Aipamen berezia eta garaikurra.

Orekan: Ane Elizondo Acha (Getxo). Aipamen berezia eta garaikurra.

Lauki bila, halabeharrez: Jose Luis Urquijo Bilbao (Bilbo). Aipamen berezia eta garaikurra.

I (love) Barrika: Aner Mentxaka Alvarez (Derio). Aipamen berezia eta garaikurra.

Aipaturiko lau erosketa-baleak Barakaldo edo Bilboko Foto Samar argazkilaritza-dendetan materiala erosteko izan dira, Barrikako Udalak eta Foto SAMAR babestutako sariak dira horiek. Argazkien inprimatzea Sopelako Foto Xabier dendak eskaini du.

Rallyko argazki-erakusketa Barrikako Nagusien Etxean dago ikusgai abuztu amaierara arte.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun