Eskualdeko lau udaltzaingok eta Ertzaintzak batera jardungo dute jaietan

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 18a, 16:50
Ertzain bikote bat erronda egiten. CC-BY IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Ertzaintzak eta Getxoko, Sopelako, Plentziako eta Gorlizko udaltzaingoek jaietan segurtasuna bermatzeko  dispositibo bateratuak jarriko dituzte abian. Aurretik, hainbatetan jardun dute batera bost Polizia erakunde horiek, tartean alkoholemia- eta drogen kontrolak ezarriz.

Udako hil hauetan Getxoko ertzain-etxearen mugapean herri-jaiak eta zaindariaren jaiak ari dira ospatzen. Hori dela eta, Ertzaintzak ekintza-plana jarri du abian, tartean dauden udaltzaingoakaz batera, jaiak "normaltasunez" gara daitezen. Bestalde, Zaintza eta Erreskate Unitateen eta Brigada Mugikorraren babesa ere izango da, "laguntza behar denean esku hartzeko prest egongo baitira", Ertzaintzak zabaldu duenez.

Azken urteotan "oso emaitza positiboekin" garatzen ari den esperientzia horren helburu nagusia da herritarrek jai-egun horiek gorabeherarik edo ezbeharrik gabe gozatu ahal izatea.

Plan hori "arrakastaz" aplikatu da jada Algortako San Juan jaietan eta Sopelako San Pedro jaietan, ertzainburuen arabera. Orain Getxoko Aixerrotako paella-jaia, San Inazioak, Itzubaltzeta/Romoko jaiak, Portu Zaharrekoak eta Las Mercedeskoak datoz. Gorlizek Santiago jaiak, Urdulizek Andra Mari jaiak eta Plentziak San Antolin jaiak, besteak beste.

Patruilak prebentzio-zereginetan oinez eta autoz zabalduko dira, kalez jantzita eta uniformatuta, jende-andana biltzen den lekuetan maiz gertatzen diren delitu-egintzak saihestearren.

Aurreko urteetako datuak kontuan izanik, ertzainek eta udaltzainek jai-barrutiak zainduko dituzte ager daitezkeen kartera-lapurrak eta bestelako lapurrak kontrolatzeko. Joan den urtean, jai-sasoi horretan, 50 lapurreta inguru izan ziren –diru-zorroak eta telefono mugikorrak–.

Adin txikikoak eta alkohola

Bestalde, adin txikikoen alkohol-kontsumoa kontrolatuko dute, baita adin txikikoei alkohola saltzea ere. Garraio publikoak, metroa eta autobusak, eta saltokiak zainduko dituzte. Eta horri guztiari alkoholemia-kontrolak egiten dituzten errepideen zaintzako unitateak gehitu behar zaizkio.

Agenteek arreta berezia jartzen diete eremu aldenduei. "Zona horietan zeregin intuitiboagoa egiten da pertsonen aurkako delituak prebenitzeko eta jazartzeko: lesioak, erasoak eta bereziki sexu-erasoak", azaldu dute Ertzaintzaren iturriek.

Ertzaintzak jai horietan parte hartuko duten pertsonei neurri sinple batzuk gomendatu dizkie, zenbait delituren biktima izan ez daitezen.

Kartera-lapurren kontrako gomendioak

  • Komeni da kartera-lapurrarentzat irisgaitzak diren poltsikoetan gordetzea diru-zorroa, eta gorputzagaz kontaktuan dagoela erraz hautematen den poltsikoetan.
  • Diru-zorroa poltsa batean gordetzen bada, barruko konpartimentuetan sartu beharko da, kremailera edo krisketa guztiak itxita.
  • Poltsa ondo heldu beharko da, eta beti ikusangeluaren barruan egon beharko du. Poltsa irekitzeko sistema barrualdera begira izango da, hau da gorputzagaz kontaktuan.
  • Jende andana metatzen den lekuetan –semaforoetan, hiri-garraioetako sarbideetan, eta abar– kontaktu fisikoak edo bultzadak oso ohikoak dira, eta une egokia dira kartera-lapurrak lapurretan aritzeko.

Herritarrei gogorarazi diete, edozein larrialdiren lekuko badira, horren berri lehenbailehen eman dezatela 112 SOS DEIAK telefonoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun