Bizkaibusek publizitatea eroango dute

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 20a, 15:25
Bilbo eta Getxo arteko Bizkaibusa, oraindik publizitate barik. CC-BY URIOLA

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Bizkaibuseko autobusen kanpoaldean publizitatea sartzeko, diru-sarrera osagarri gisa, eta hura kudeatu eta kontratatzeko prozedura onartu du.

Bizkaibus zerbitzuaren kudeaketa eta ustiapena Ezkerraldea-Meatzaldea, Txorierri Mungialdea, Busturialdea Lea-Artibai, Nerbioi-Arratia-Durangaldea, Enkarterri eta Uribe-Kosta, eta Ezkerraldea-EHU ibilbideetarako enpresei esleitzeko baldintza teknikoen agirietan ezarri zen publizitatetik ateratako diru-sarrerak (halakorik balego) zerbitzua emateagatiko diru-sarrera moduan hartuko zirela, garraio-txartelak emateagatik ateratako sarrerei gehituko zitzaiela eta Aldundian hilero likidatuko zirela. "Bizkaibus publizitaterako ustiatzea diru-sarrera garrantzitsua da eta ezin dugu aukera galdu, are gehiago diru-sarrera publikoentzat zaila den garai batean", adierazi du Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako foru diputatuak.

Gaur goizean onartu den prozeduraren bidez ezarri da sei enpresa emakidadunetako batek hartuko duela Bizkaibus guztien publizitatea kudeatzeko ardura. Aukeratuko den enpresak –Bizkaibusen publizitatearen sozietate kudeatzailea izango denak– publizitatetik ateratako diru-sarreren %10 jasoko du gehienez.  "Sailaren politikari fidel izanik, Bizkaibuseko lanpostuei eutsiko diegu baina, posible den heinean, lanpostu horiei eduki eta kalitate ahalik eta handiena emanez".

Hautatua izan ondoren, sozietate kudeatzaile berria arduratuko da Bizkaibuseko autobusek ematen duten publizitate-espazioa saltzearen kudeaketa balizko iragarleei urte biz esleitzeko prozesua gauzatzeaz. Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako foru diputatuari dagokio hautatzeko prozedura abiatzea, Gobernu Kontseiluan berretsitako irizpideen arabera.

Vicente Reyesen berbetan: "Aldundiak zainduko du aukeraketa-prozesu hori, nahiz eta enpresa pribatuen artean egin; horrela, lehiaketa publiko baten berme guztiak beteko dira".

Egindako azterketa ekonomikoen arabera, Bizkaibusen publizitatea sartzeak milioi bat eurotik gorako sarrerak ekarriko lizkioke gutxienez foru diru-kutxari urte bitan. Hori dela-eta, esleitzeko irizpideen artean, puntuaziorik handiena hileko sari finkorik handiena, hileko 44.000 eurotik aurrera, eskaintzen duen lizitatzaileari emango zaio. Kopuru horren arabera, urtean 528.000 euro lirateke. Kopuru horren azpitik, lehiaketa hutsik geratuko da.

"Datu horiek eskuan izanda eta kanpoaldean publizitatea daramaten autobusak dauzkaten zenbait hiriburuetako egoera –haien artean, noski, Bilbokoa, han tranbiak ere egiten baitu– aztertu ondoren, prozesu bat abiarazi dugu eta urte amaiera baino lehenago amaitzea espero dugu", amaitu du foru arduradunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun