San Lorentzoren malkoak bost aldiz biziagoak izango dira aurten

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 11a, 11:57

KIM MYOUNG SUNG

San Lorentzoren malkoak eguen honetan, abuztuak 11, eta zapatuan, hilak 13, ikusi ahal izango dira argien; aurreko urtekoakaz alderatuta, aurtengo izar iheskorrak bost aldiz biziagoak izango dira. Urtero ikus daitekeen fenomenoa da; izan ere, sasoi horretan, Swift-Tuttle izeneko kometak utzitako hautsa zeharkatzen du Lurrak. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira.

Orduero 100 meteoro ikus daitezke normalean, baina zientzialariek egin dituzten iragarpenen arabera, aurtengo izar iheskorrak biziagoak izango dira. Horrela bada, orduko 500 meteoro inguru ikusi ahal izango direla iragarri du Andaluziako Astrofisika Institutuak (IAA-CSIC).

Orokorrean, izar-jasagaz gozatu ahal izateko leku ilun bat aukeratzea komeni da, baina ilargiak behaketa hori oztopatuko du aurten. Horrenbestez, San Lorentzoren malkoak ikusteko aholkuak ematen dituzten giden arabera, abuztuaren 12tik 13ra bitarteko gauean, goizaldeko 02:00etatik aurrera, izango da izar iheskorrak ikusteko unerik onena. Ez da teleskopiorik edo bestelako tramankulurik erabili behar; gure begiakaz nahikoa da. Lekurik aproposenak hiriguneetatik eta herrietatik urrun daudenak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun