Reyesek gaur goizean adierazi duenez, hasieran erabaki zen Bizkaibusen linea berria Erandio Goikoa auzotik irtetea, udalerri horretako bizilagunak Uribe Kostako ospitale berrira atxikita zeudelako. Hala ere, egoera hori aldatu egin zenez eta bizilagunak orain Gurutzetako ospitalera joaten direnez, ez dauka zentzurik linea berria Erandiogoikoa auzotik irteteak.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako Batzordeak oporren ondoren egin duen lehenengo bileran, Zigor Isuskiza Arana EH Bilduko batzarkidearen galdera bati erantzuteko, Vicente Reyesek adierazi du geltoki hori Erandiogoikoan jartzeko arrazoi bakarra auzo hori Leioarekin lotzea dela; eta lotura hori Larrabetzu-Areeta linearen bitartez egiten da, orduro. Garraio diputatu sozialistak linea horretako zenbait datu eman ditu, eta, datu horien arabera, maiatzean batez beste 1,4 pertsona igo ziren egunean Erandio Goikoan, eta Leioa erdialdean jaitsi. Foru diputatuaren hitzetan, datu horien arabera ez da beharrezkoa zerbitzu gehiago jartzea.
Linea berria aurrez ikusitako epeetan abiaraziko da; Leioa erdigunetik irtengo da, Artatzatik eta Neguriko Makaleta etorbidetik igaroko da, Algortako beheko aldetik Berangoraino joango da, eta, Sopelatik igaro ondoren, helmuga Urdulizko ospitalean izango du.