Leioa eta Algortatik igaroko da Bosteko 2016

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 6a, 13:17
Atzo aurkeztu zuten Bosteko 2016. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bosteko 2016 erakusketa ibiltariaren hemeretzigarren edizioa eguazten honetan, irailak 7, inauguratuko dute Basauriko Ariz dorrean. Aurten, Kultur Leioan (urriaren 3tik 23ra) eta Algortako Torrene aretoan (abenduaren 3tik 30era) egingo ditu geldialdiak. Horrez gainera, Algortako Portu Zaharrean hainbat urtez bizi izandako Laurita Siles artista andaluziarra aukeratu dute aurtengo ediziorako.

"Deserriratuen bidaia" da atzo aurkeztutako talde-erakusketaren titulua; "jendeari helmuga barik ihes egiteari buruz gogoeta eginaraztea da erakusketaren asmoa", Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saileko arduradunek adierazi zutenez; izan ere, euren berbetan, "horixe da Europako mugetan pilatuta dauden milaka errefuxiatuen egoera". Bosteko 2016 erakusketak berriro hurbiltzen gaitu diziplina anitzeko arte garaikidera; artistek askotariko lanak egin dituzte gai berberaren inguruan, eta hainbat teknika erabili dituzte: paper gaineko collagea, bideoak eta argazkiak. Edizio honetan, Leire Urbeltz, Laurita Siles eta David Hornback artisten lanak aukeratu dituzte erakusketarako.

Erakusketa bihar, eguaztena, zabalduko dute 18:30ean, Basauriko Ariz dorrean; eta ondoren, Leioa, Arrigorriaga, Amorebieta-Etxano eta Getxon egongo da ikusgai. "Bosteko plataforma interesgarria da prestakuntza Bizkaian jaso duten artisten obra zabaldu eta ezagutarazteko. Artista horiek, gainera, prestigio handia daukate erakusketa hartuko duten Bizkaiko lurralde historiko udalerrietan", adierazi zuen atzoko aurkezpenean Lorea Bilbao foru-diputatuak.

Aukeratutako artistak

Laurita Siles

Laurita Silesek (Marbella, 1981) diziplinari jarraitzen ez dion ekoizpen plastiko/ikus-entzunezko ibiltaria egiten du, eta lekuak ematen dio ardura; besteak beste, krisi ekologikoak eta sustraiak galtzeak sortzen duen nostalgiak. Agian, horren arrazoia Arte Ederren arloan jaso duen prestakuntza nomada izan daiteke; izan ere, Valentzia, Islandia, Vancouver, Kanada eta Euskal Herriko arte eskoletan egin ditu ikasketak.

Artista honek Enkarterri eta Uribe Kosta ditu bizileku eta beharleku. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean doktoretzako ikerketa bat amaitzen ari da. Silesek era askotako jardueretan parte hartu du, berbarako, Ertibil 2013, Bilboko Rekalde Aretoan, edo "Goazen Txinara!" Pekingo Cervantes Institutuan (2012). Gainera, lehenengo saria jaso zuen Euskalaklip Lehiaketan, baita Euskal Herriko Unibertsitatearen irudia hurbiltzeagatik ere, Edurne Gonzalesegaz batera, 2010ean.

Leire Urbeltz

Leire Urbeltz (Iruñea, 1985) Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, 2008an; ilustrazio sortzaileari eta ikus-komunikazioko teknikei buruzko graduondoa egin zuen 2009an, eta artearen ikerketa eta sorkuntzari buruzko masterra 2011n. Banaka, erakusketa bi egin ditu: "Almanaque", Gasteizen (2011) eta "La quimera residual", Iruñean (2008). Horrez gainera, hainbat beka jaso ditu Zaragoza, Caceres eta Pekinen (Txina) esku-hartze artistikoan aritzeko. Azken hori ezinbestekoa izan da esku artean duen proiektua garatzeko.

Leirek berak dioenez, esan dezakegu ilustrazioak mugak dituela sorkuntzarako baliabide gisa, konbentzioen ondorioz produktu batentzako irudi izatera mugarritzen delako. Ilustrazio hedatuari buruz hitz egiterakoan, artistak maila formal zein kontzeptualera hedatzen den ilustrazioari egiten dio erreferentzia; hau da, sorkuntza garaikidearen konplexutasuna nola edo hala alde batera uzten duten formula murriztaileak kentzeko asmoa duena. Leireren ustez, ilustrazio hedatua da maila formalean edo kontzeptualean bere mugekin esperimentatzeko bidea ematen duena.

David Hornback

David Hornback (Los Angeles, 1962) artistak eta San Jose Mercury News-eko erredakzioko bere lankideek Pulitzer saria irabazi zuten 1990ean, San Frantziskoko "Loma Prieta" lurrikarari buruzko erreportajearengatik.

Kazetari grafiko ibili da "National Geographic", "GEO", "Time", "New York Times", "Stern" eta beste zenbait hedabideentzat.  Bere lanek lau kontinentetara eraman dute; Berlingo hormaren erortzearen berri eman zuen, 1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsalaren eta Normandiako lehorreratzearen 60. urteurrenaren berri ere bai.

Hornback-ek lau kontinentetan zehar bidaiatu du; bere kamerarekin argazkiak egin ditu, eta bidaiak, erreportajea eta artea elkartu ditu Europan eta Estatu Batuetan egin dituen hainbat lan eta erakusketetan.

Argazkigintzako artista handi hau Berlin eta Bilbo artean bizi da.

Tokiak eta datak

  • Basauri (Arizko Dorretxea): irailaren 7tik urriaren 1era
  • Leioa (Kultur Leioa): urriaren 3tik 23ra
  • Arrigorriaga (Euskaldun berria erakusketa-aretoa): urriaren 24tik azaroaren 11ra
  • Amorebieta-Etxano: azaroaren 14tik abenduaren 7ra
  • Getxo (Torrene aretoa, Algorta): abenduaren 3tik 30era
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun