Getxok eta Askartzak saskibaloi-liga hasiko dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 27a, 19:37
Askartzaren aurtengo taldea. © ASKARTZA SASKIBALOI TALDEA

Datorren zapatuan, urriak 1, Getxo eta Askartza Claret saskibaloi-kluben emakumezkoen talde nagusiak estreinatuko dira denboraldian, biak Bigarren Mailan.

Getxoztarrek Gasteizko Ibaiondo kiroldegia bisitatuko dute, 18:30etik aurrera bertako Los Bellotas-Vitoria taldearen aurka jarduteko. Astebete beranduago, baina domekan, hilak 9, etxean estreinatuko dira, Faduran. Bertan, Araba taldea jasoko dute, 16:00etan. Hori-beltzak galdutako Lehenengo Mailara igotzea izango dute helburu nagusia, Fran Garcia teknikoaren aginduetara.

Askartza ere zapatuan estreinatuko da, Hondarribiaren aurka, etxean, Askartzan, 16:00etan. Bigarren jardunaldian, urriaren 8an, Logroñora bidaiatuko dute gorritxoek, 20:00etan, Campus Promete taldearen aurka lehiatzera. Leioaztarrak sendo prestatzen dabiltza Asier Hormaechea eta Alejandro Blascogaz, arerio gogorren aurka. Hala, aurreko astean, Kataluniako Sant Fruitos de Bages herrian, bertako taldearen eta Sant Cugat-en aurka galdu zuten.

Lehenengo Mailan, Leioako Saskibaloi Taldeak urriaren 15era arte itxaron beharko du denboraldia hasteko. Egun horretan etxean jokatuko du, Ibaeta Bera Bera EHUren aurka, 18:30ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun