Mitxelko Uranga berangoztarrak irabazi du Euskarazko Saiakerako Euskadi Saria

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 20a, 16:28
Uranga, bigarrena ezkerretik, eta saritutako beste egileak. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Mitxelko Uranga Álvarez idazle eta irakasle berangoztarrak irabazi du Euskadi Literatura Saria, Euskarazko Saiakera atalean, "Tartaroa, mina, boterea eta egia" lanagaz. Urangak 38 urte ditu, filosofian doktorea da eta jakintza hori irakasten du Sopelako Ander Deuna ikastolan.

Pamiela argitaletxeagaz ateratako lanean, hainbat jendarte-gogoeta plazaratu ditu, "egungo pentsamentu filosofikoan gako diren eztabaidetan sakontzeko aukera zabaltzen digutenak", epaimahaikideen arabera. Greziako mitologia abiapuntutzat hartuta, Urangak berbabide izan ditu globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa, terrorismoa eta gaur egungo jendartearen beldur eta mamuak. Mitxelko Urangak berezko ahotsa du hizketagai horietan guztietan, eta gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan", azaldu du epaimahaiak. Berangoztarrak 18.000 euroko saria jaso du eta 4.000 euroko beste bat hartuko luke lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzekotan.

Azken urteetan euskal kultura zein identitatearen inguruko zenbait saiakera plazaratu ditu Urangak: "Espektroak. Euskal terroristak", "Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz", "Espektroak. Euskaldunak Europan" eta trilogia borobiltzen duen "Euskomunitatea. Manifestu euskaltzalea", eta "Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa". Pentsamenduaz gainera, poesia ere landu eta argitaratu du: "Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak".

Euskadi Literatura Sariak

  • Euskarazko saiakera: Mitxelko Uranga Álvarez, "Tartaroa. Mina, boterea eta egia" (Pamiela).
  • Gaztelaniazko saiakera: Fernando Mikelarena Peña, "Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936" (Pamiela).
  • Euskarazko haur eta gazte literatura: Uxue Alberdi Estibaritz, "Besarkada" (Elkar).
  • Literatura lanaren ilustrazioa: Mikel Casal Patiño, "Así es la dictadura" (Media Vaca).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun