EHUk zabaldu du mendi-txangorako izen-ematea

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 21a, 12:00

Mendi Traila bigarrenez antolatuko du Euskal Herriko Unibertsitateak, datorren urriaren 30ean. Kirolzaleek 13 kilometro bete beharko dituzte, Erandio eta Leioatik.

EHUko II. Mendi Traila urriaren 30ean, domekan, izango bada ere, lasterketan parte hartzeko izena ematea derrigorrezko da, eta hori urriaren 27a, eguena, baino lehenago egin beharrekoa. Izen-ematea doakoa izango da parte-hartzaile denentzat, izan unibertsitateko kideak ala ez. Dena den, proban inskripzioa egin ahal izateko interesdunek 18 urteak beteta izan beharko dituzte. Era berean, 750 atletak izena eman ahal izango dute, gehienez ere. Gainera, EHUko ikasleek Graduko ikasketetako 0,5 kreditu lor dezakete, ezarritako denboran proba amaituz gero. Lasterketa urriaren 30ean egingo da, goizeko 10:30ean. 13.000 metroko ibilbidea EHUko Kiroldegitik irtengo da, Leioako campusaren ondotik. Zirkuitua leku berean amaituko da, Erandion. Korrikalariek txipa eroango dute soinean, lasterketa ondo kronometratzeko. Probak maila bi izango ditu: bata, orokorra, parte-hartzaile denentzat; bestea, EHUko ikasleentzat. Hala, gizonezkoen eta emakumezkoen ataletan, hiruna irabazleri garaikurra emango diete, unibertsitateko lehenengo emakumezkoari eta gizonezkoari bezala.

Balizko kanporaketak

Hainbat segurtasun-arau ezarri ditu Mendi Trailean antolakuntzak, "proba ahalik eta ondoen egituratzeko". Hala kontrol bi izango dira, atzeratuta dabiltzan korrikalariak probatik kanporatzeko. Bosgarren kilometroan 45 minutuko denbora-muga gaindituz gero partaideak lasterketatik kanpo lotuko dira. Era berean, lasterketa hasi eta ordu bi beranduago kirolariak zirkuitutik kanpo aterako dituzte. Bestalde, "probako arauak hausten badituzte", parte-hartzaileak kanporatzeko eskubidea du antolakuntzak. Sailkapena Internetez argitaratuko dute lasterketa amaitu eta gutxira Turesultado.es atarian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun