Zarama batzeko neurri berriak ipiniko dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 18a, 11:35
Laster ekingo diote edukiontziak aldatzeari. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak hiru neurri berri ezarriko ditu hiri-hondakin solidoak batzeari dagokionez. Hauek dira neurriok: etxez etxeko batze-sistema martxan ipiniko dute Zugatzarten eta Negurin; udalerri osoko edukiontziak ordezkatuko dituzte; eta bosgarren edukiontzia gehituko dute, hondakin organikoak batzekoa. Iragarri dutenez, datorren astean hasiko dituzte edukiontziak ordezkatzeko lanak. Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi duenez zerbitzu berriaren helburua da 2022an hondakinen % 50a modu selektiboan jasotzea eta bereiztea (gaur egun % 23,35a bereizten da).

Ekimen berri horiek guztiak Getxoko hondakinak Kudeatzeko Lantaldean jorratu dituzte; horretan parte hartzen dute udal-alderdi politiko guztietako ordezkariek, eta udalerriko hainbat elkartetako kideek ere bai. Etxez etxeko sistema Zugatzarten eta Negurin bakarrik ipiniko dute: zarama batzeko 400 puntu baino gehiago egongo dira, horiek auzotarren komunitateagaz adostuko dituzte.

Gainera, "edukiontzi-flota"-ren berritzea laster abiatuko dute; eremuak homogeneizatuko dira: guztiek 4 edukiontzi izan ditzaten, gutxienez; hau da: organikoarena, paperarena, ontziena eta errefusarena. Beste gune batzuetan, 5 izango dira (beirarena barne), edo guztiak, 6 (olioarena sartuta). Bosgarren edukiontziaren zerbitzua 2017an ipiniko dute martxan.

Hori zelan erabili eta zer zelako hondakinak onartzen dituen jakiteko informazio-kanpaina egingo dute.

Imanol Landa alkatearen adierazpenak (© GETXOKO UDALA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun