Uribe Kostak 31 langabe kontratatuko ditu

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 31a, 10:17

Lanpostuak sortzea da Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko udal-gobernuen lehentasuna garaiotan. Gaur egun 2.000 lagunetik gora langabezian dago eskualdean, azkenengo datuen arabera; hori dela eta, egoera horri aurre egiteko, Uribe Kostako Behargintzak 31 lagun kontratatuko ditu. Horietatik 23 obra publikoetarako peoiak izango dira, 2 igeltsero-koordinatzaile eta azken 6ak administrazio-lanetarako.

Kontratazioak Uribe Kostako Behargintzak egingo ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak martxan jarritako programaren bitartez: Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzak. Ekintza horren xedea eskualdean dauden langabeen lanbideratzea da, eta hautaketa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendariak 2016ko ekainaren 15ean emandako ebazpenean ezartzen diren irizpideen arabera egingo da. Hautagaia izateko, Lanbiden inskribatuta egon beharko da, alta egoeran eta langabezian.

Daborduko, eskualdeko hainbat udalek jakinarazi dute zenbat pertsona kontratatuko dituzten ekintza horren bitartez. Hala, Berangok udalerrian erroldatutako bost lagun kontratatuko ditu hiru hilabeterako, lanaldi osoz. Gorlizek, berriz, zazpi lagun kontratatuko ditu, egoera berdinean; Plentziak lau eta Urdulizek hiru, besteak beste.

Programa horretan parte hartu ahal izateko, hautagaiek hainbat irizpide bete beharko dituzte. Hala, Lanbiden “eskatutako lanbidetan” derrigorrez agertu beharko da honako baten bat gutxienez, eskatutako lanpostuaren arabera: herri lanetarako peoia, igeltseroa edo enplegatu administrariak. Curriculumean aldaketak egiteko azken eguna da gaur, hilaren 31.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun