Basque Teamek bekak eskatzeko epea zabaldu du

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 7a, 12:17

Basque Team edo Euskal Kirola fundazioaren Patronatua, Algortan. © BASQUE TEAM

Euskadi Kirola fundazioak, Basque Team legez ezagunagoak, goi-mailako kirolariei aurtengo bekak emateko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago daborduko, eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean itxiko da. Oinarriak oso-osorik kontsultatu eta jaitsi daitezke Basque Teamen webgunetik. Basque Teamen egoitza Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan dago.

Beken helburu nagusia da goi-mailako euskal kirola sustatzea; hain zuzen ere, hori da Basque Team Fundazioaren eginkizun. Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta daude nagusiki, batez ere kirol-modalitate olinpikoei eta paralinpikoei, kirol ez olinpikoak ere onartzen dituzten arren.

Aurtengo bekek hainbat modalitate izan dezakete. Alde batetik, diru-laguntza hiru mota daude: oinarrizko beka; helburukako sariak; eta laguntza osagarriak. Beste aldetik, zerbitzu osagarriak ere eskaintzen du fundazioak: zerbitzu biomedikuak; kirol prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak; edota onura soziala helburu dutenak, coaching-a eta kirolari bekadunen jarduerak zabaltzearen bitartez. Derrigorrezko baldintzak betetzen dituzten teknikari espezializatuek ere laguntzak eska ditzakete.

Bekaren bat jasotzeak urte osoko kirol-jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, dopinaren aurkako borrokari eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz. Beka eskatzerakoan, beharrezkoa da nazioarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita 2017. urte osorako plangintza ere, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia barne.

Beka, sari eta laguntza osagarrien zenbatekoa zehazteko hartuko dituzte kontuan onartuko diren eskabideak eta Euskadi Kirola fundazioak duen finantza-egoera. Ematerakoan, baloratuko dira 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean nazioarteko kirol-lehiaketetan lortutako emaitzak.

Basque Team fundazioa euskal sektore publikoko fundazioa da. Erakunde horren helburua goi-mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi-mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erraz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi-mailako kirol-ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi-mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun