Liburuak, aukeran egunotan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 16a, 09:30
Lourdes Oñederra idazlea izango da Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan, hilaren 23an. © EREIN

Uribe Kostako literaturazaleek egundoko asteaz gozatzeko aukera izango dute: zapatutik eta martitzenera bitartean, bost aukera izango dituzte aurrez aukeratutako liburuetan sakontzeko eta zenbait egile ezagutzeko. Eskualdeko irakurzaleen taldeek, kultur elkarteek eta kultur etxeek eskainiko dute aukera horiek. Liburuon artetik hiru euskarazkoak dira.

Lehenengo hitzordua Azebarri kultur elkarteak ipini du, txokoan bertan. Zapatuan, "Hitz margotuak" olerki-liburuaren aurkezpenagaz batera, bertso-saio poetikoaz eta lunchaz gozatu ahal izango da. Karlos Aretxabaleta, Mikel Sebasten Manso eta Jon Saez Amorrorturen lana da Hitz margotuak; bizkaiera eta galdutako Erronkariko euskalkia erabili dituzte idatzitako 40 olerki ilustratuetan.

Martitzenean, ostera, literatura-saio bi izango dira eskualdean. Alde batetik, "Contraviaje: de Nueva York a Gernika, pasando por Berlín" liburua aurkeztuko du Arantzazu Ametzaga idazleak berak, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Bingen Amezaga idazle eta zinegotzi algortarraren alaba da sortzailea eta Argentinako Ekin argitaletxeagaz kaleratu du lana; Jose Antonio Agirre lehendakariaren ihesean oinarritu du liburua. Beste alde batetik, Nieves Concostrina kazetari madrildarraren "Antonia" lanaren gainean berba egingo dute Astrabuduko irakurle-klubean; gerraren osteko miseria bizi zuen belaunaldiaren erretratua egin du Concostrinak, benetako historia bat oinarri hartuta.

UKITXen berbaldia

Eguenean ere, beste liburu biren artean erabaki behar izango dute literaturazaleek. Sopelan, Patxi Larrionen "Feriatzaileak" izango dute berbagai. Patton filmaren errodajean kokatuko gaitu egileak, Urbasan eta Iruñean, anbizio eta traizioaren kontakizun bizi batean. Algortan, ostera, Lourdes Oñederra idazleak erantzungo die "Intemperies (babes bila)" bere lanaren gainean zaleek egingo dizkioten galderei. Egizuk ipini du hitzordu hori, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoaren barruan.

Hurrengo ekitaldiak

Otsailak 18, zapatua

  • 19:00 Hainbat egileren Hitz margotuak liburuaren aurkezpena, Algortako Azebarri kultur elkartean.

Otsailak 21, martitzena

  • 19:00 Contraviaje: de Nueva York a Gernika, pasando por Berlín aurkeztuko du Arantzazu Ametzagak, Villamonte kultur etxean.
  • 19:30 Nieves Concostrinaren Antonia gaztelaniazko liburuaren gaineko berbaldia, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.

Otsailak 23, eguena

  • 19:00 Patxi Larrionen Feriatzaileak nobelaren gaineko elkarrizketa, Sopelako Kurtzio kultur etxean.
  • 19:30 Lourdes Oñederrak Intemperies (babes bila) bere lana berbabide izango du Algortako Villamonte kultur etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun