Mihiluze lehiaketan jardungo dute zortzi ikastetxetako neska-mutilek

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 1a, 18:07

Iazko finala.

Mihiluze Uribe Kosta lehiaketaren helburu nagusia da eskualdeko hizkuntz eta kultur ondarea zabaltzea. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak antolatu du lehiaketa, eta, jakinarazi duenez, zortzi ikastetxe dabiltza egitasmoan parte hartzen; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago lehiaketa. Batetik, martxoaren 6tik apirilaren 3ra arte, bost ataletan banatutako materiala www.mihiluzeuribekosta.com webgunean argitaratuko dute; atal bakoitza astebeteko maiztasunarekin publikatuko dute. 

Hala, eskualdeko herrien, ingurugiroaren, kultur ondarearen, esaera zaharren eta kanten informazioa ikasi beharko dute parte-hartzaileek. Bestetik, materiala ondo barneratu ostean, ikasitakoa praktikan ipintzeko unea iritsiko da. Horretarako, Mihiluze-galak egingo dituzte. Finalaurrekoa Urdulizko kultur etxean egingo dute, maiatzaren 19an, barikuan. Finalari dagokionez, Sopelako Kurtzio kultur etxean izango da, astebete beranduago, maiatzaren 26an. Daborduko denok ezagutzen ditugun "Potokumeak", "Imintzioka" edo "Eroglifikoak" bezalako probei aurre egin beharko diete; aipatutako bost gaiakaz zerikusia edukiko dute horiek guztiek. Parte hartzeko betebeharrezko araua izango da bikotea osatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun