Uribe Kosta, surfaren uberan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 11a, 11:30

Orain dela urte bi Leticia Canales sopeloztarrak irabazi zuen Peña Txuri Junior Pro Sopela sariketa. © LAURENT MASUREL - WSL

Euskal Herriko Surf Federazioak 2017an antolatuko dituen proben egitaraua argitaratu du. Uribe Kostako hondartzetan egingo dira Euskal Herriko Surf Federazioaren zenbait txapelketa; bodyboard, surf, eta SUP arlokoak. Gehienak Sopelan egingo dira, irailean.

Ohi legez, txapelketak hiru modalitatetan egingo dira: bodyboardean, Stand Up Paddle-an (SUP) eta surfean.
Iaz bezala, apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran abiatuko da Euskal Zurf Zirkuitua, Donostian edo Deban. Irailaren 23ra eta 24ra itxaron behar izango da Sopelako Arriatera hondartzan ikusi ahal izateko zirkuituko bigarren proba eta Euskal Herriko Txapelketa. Zirkuituak beste proba bi izango ditu, Orruan edo Getarian eta Mundakan edo Bakion, itsasoaren arabera. Euskal Bodyboard Zirkuituak ere Arriatera hondartzan izango du bere etapetako bat, beren-beregi lehenengoa, Euskal Surf Zirkuituaren data berberetan, irailaren 23an eta 24an. Zumaia eta Mundaka edo Bakio izango dira gainontzekoak. Euskal SUP Race Zirkuituari dagokionez, bost proba izango ditu; euretako bi Uribe Kostan jokatuko dituzte: maiatzaren 28an, Getxon; eta irailaren 30ean, Plentzian.

Egitarauaren azken zirkuitua, Euskal Herriko Gazte Surf Zirkuitua, lau etapez osatuta egongo da. Lehenengoa Sopelako Barinatxe hondartzan jokatuko da, maiatzaren 13an eta 14an. Azkena Plentzian izango da, abenduaren 8tik 10era. Aipatutakoak ez dira izango Euskal Herriko Surf Federazioak Uribe Kostara egingo dituen bisita bakarrak. Izan ere, eskualdean egun bakarreko zenbait txapelketa egingo dira: Sopela Pro Junior, Munduko Surf Ligaren sailkatze-seriea, uztailaren 20tik 23ra izango da; Euskal Herriko Beteranoen Txapelketak eta taldeen artekoak Atxabiribilen izango dira irailaren 23an eta 24an. Azkenik, bodyboard-ekitaldi berezia egingo dute Lemoizko Atxurren, neguan.

Euskal Herriko Surf Federazioaren egutegia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun