Edorta Cabieces gorliztarra hitzartu du Realak

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 9a, 12:00
Edorta Cabieces, euskal selekzioagaz jokatzen. © ACCIÓN SPORT

Edorta Cabieces Sanz aurrelari gorliztarrak denboraldi birako kontratua sinatu du Realagaz. Cabiecesek 17 urte ditu eta Arenas futbol-klubaren gazte-taldean jokatzen du aurten. Horrela segituko du denboraldi honetan, kontratuaren arabera gorliztarrak datorren denboraldian jantziko baitu elastiko zuri-urdina.

Zubietako futbol-zelaian hasiko da jokatzen, Ohorezko Mailako gazte-taldean. Uribekostarrak hainbat partida jokatu ditu 18 urtez azpiko Euskadiko selekzioagaz. Athleticek ere ikuskatu egin du gorliztarra; berbarako, iaz, hainbat entrenamendu egin zituen Cabiecesek Lezamako teknikoakaz. Modu berean, hainbat txapelketa jokatu izan ditu zuri-gorrien taldeagaz. Halere, Athleticek ez zion eskaintzarik egin.

Realak ez du aukera galdu

Donostiako futbol-taldeak jokalariaren eboluzioari jarraitu dio azken urteotan eta, Ibaiganeren jokabidearen aurrean, aurrelariagaz eta sendiagaz akordio batera heldu zen.

Cabieces golegile fina da beheko mailetatik; berbarako, 2013-14 denboraldian, 25 gol sartu zituen Romorentzat, ume-mailan. Daborduko 1,90 metroko altuera dauka eta futbolari sendoa eta gogorra da. Hanka biakaz ondo moldatzen da eta bizkarrez ere jokatzeko gaitasuna dauka. Trebetasun berezia dauka airetik heldutako baloiak indarrez mugitzeko. 2005ean estreinatu zen Gorliz Kirol Elkarteko benjaminen taldean. Klubean jarraitu zuen 2011ra arte. Urte hartan, Gobelara jauzia eman zuen, Romoko futbol-klubeko kimuakaz jokatzeko.

Ez da lehenengo aldia Realak Gobelako jokalariengan arreta ipintzen duena; esaterako, orain dela denboraldi bi Arenaseko Unai Rementeria Castro fitxatu zuen gazte-mailako talderako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun