Politika  Getxo  Uribe Kosta 2017-03-12 16:55

Memoria elkarganatzeko

Iker Rincon Moreno

Askotariko indarkeria-motak pairatu dituzten herritarren esperientziak ezagutarazteko Memoriaren Plaza zabalduko du Gogora institutuak Getxon, martxoaren 13tik 19ra. Horren helburua da denon artean memoria osatzea.

Memoria elkarganatzeko
Memoriaren Plaza erakusketaren aurreko edizio bat. © GOGORA INSTITUTUA. | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkeneko hamarkadetan askotariko indarkeria-motak jasan dituztenen lekukotzak jasotzeko, Memoriaren Plaza zabalik egongo Areetako Xake plazan, hilaren 13tik 19ra. Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak bultzatu du ekimen hori, «guztion memoria» eraikitzeko urratsak emateko helburuagaz. Horretarako, karpa bat ipiniko dute Areetako erdigunean dagoen Xake plazan. Bertan, hainbat berbaldi eta tailer antolatuko dituzte, 1936ko gerra, diktadura frankista, ETAren indarkeria eta poliziaren legez kontrako indarkeria pairatutako gizon-emakumeen testigantzak oinarri hartuta.

Memoriaren Plaza herritarren partaidetzarako programa bat da. Horren bitartez, herritarren memoriaren inguruko lekukotzak jaso gura dituzte, mezu idatzietan jasotakoak zein telefono mugikorrez grabatutakoak. Horiek denak proiektuaren webgunean jasoko dituzte, hurrengo hiru atal hauetan: emozioak, lekukotzak eta proposamenak. «Denok daukagu memoria eraikitzeko eskubidea, eta denok gaude hori egitera gonbidatuta; izan ere, lan partekatua eta plurala da memoriaren eraikitzea, eta herritar oro da memoriaren parte», azaldu dute antolatzaileek.

Proiektuak parte-hartzearen ariketa bat izan gura du, memoria kolektiboa eraikiz egiten dena. Hartara, herritar denak gonbidatuta daude haien testigantzak ematera, «haien ekarpenari esker memoriaren puzzlea osa dadin, demokratikoki eta era partekatuan». Izan ere, horixe izan gura du Memoriaren Plazak, herritar guztion artean memoria osatzea.

Memoria kolektiboa osatzeko guran

Gogora institutukoek nabarmendu dute mundu osoan debate sakona dagoela memoriaren gaineko politika publikoak direla-eta, eta ikuspegi ezberdinak ezbaian daudela. «Poliedrikoa eta gatazkatsua da memoria, ez baitaude bi memoria berdin. Hala ere, errealitate plural hori aitortzeak ez du eragozten gutxieneko adostasun batzuk antzematea, zeinak memoriaren gaineko politika publikoak orientatzeko oinarri kontzeptualak bilakatzen baitira».

Memoriaren Plaza proiektua horren guztiaren esparruan kokatu dute, «bokazio berritzailearekin». Guztiona den memoria eratzeko herritarrek duten eskubideari erantzun gura dio horrek, «betiere, pluralismoa, printzipio demokratikoak eta giza eskubideak errespetatzen dituen esparru batetik eginda». Horretarako bideak eskaintzen ditu ekimenak, zuzeneko partaidetza eta adin ezberdinetako emakume-gizonen parte-hartzea garatzeko.

Plazan sartu, sentitu, aditu eta irakurri

Horri guztiari erantzunez, Euskal Herriko boluntario askok euren testigantzak grabatu dituzte mugikorrez, beraien oroitzapenak edo beste pertsona batzuenak azaltzeko. Horiek denak Memoriaren Plazak duen webgunean partekatu dituzte, gura duen edonork ikusi, aditu eta esaten dutena sentitzeko. Modu berean, proiektuaren lekukotzak grabatzen segitzeko gonbitea egiten dute arduradunek: «zuk ere bidali ahal diguzu zure grabazioa».

Euren testigantzak grabatu dituztenez gainera, badira bere aurpegi isila memoriaren erretratutzat grabatu dituztenak ere. Horretarako aukera ere eskaintzen du Memoriaren Plazak, emozioak sentiarazteko guran. Halaber, memoriaren gaineko idatzizko ekarpenak ere bidali dituzte pertsona askok, besteengan gogoeta eragiteko nahian. «Barkatu behar dugu, baina inoiz ez ahaztu», dio baten batek; «Biktima danek bizi nahi dute, erailketaren momentuan: denok gara berdinak heriotzaren aurrean. Desberdintasuna, biktimen errekonozimenduan dago: batzuen aldeko gogoeta egitea debekatzen dute, beste batzuena egitea ia derrigortuz», iradokitzen du beste batek. Gogoeta horiek denak anonimoak dira.

Memoriaren Plaza, Getxon

Iaz ipini zuten martxan ekimena, eta daborduko zortzi udalerrietan egon da: Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen eta Arrasaten. «Zortzi astetan 15.000 pertsona pasatu dira plazatik, eta parte hartu duten guztiek modu oso positiboan baloratu dute ekimena», azaldu du Gogora institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok. Hala, Memoriaren Plazaren hurrengo geralekua Areetak0 Xake plaza izango da, martxoaren 13tik 19ra. Bertan, egun horietan guztietan dokumentalak emango dituzte, eta hainbat berbaldi eta mahai-inguru antolatuko dituzte, askotariko indarkeriak jasandako biktimen testigantzak oinarri hartuta. Besteak beste, entzun ahal izango dira Getxoko bost biktimen lekukotasunak: Jordi Lidónena, 2001ean ETAk Getxon hildako José María Lidón epailearen semearena; Karmen Galdeanorena, 1985ean GALek hildako Xabier Galdeano algortarraren alabarena; Álex Morenorena, ETAren biktimarena; Jaione San Sebastiánena, legez kanpoko indarkeria polizialaren biktimarena; eta Pedro Románena, ETAren biktimarena. Horiez guztiez gainera, herritarrek helarazitako testigantzak eta gogoetak ere erakusgai egongo dira. «Bizi esperientziak ikusiko ditugu hemen, inondik inora ez kontakizun politikoak. Indarkeria sufritutako pertsonek kontatuko dute zer sufritu duten eta nola egin behar izan dieten aurre gertatutakoei», azaldu du Ezenarrok.

Getxoko eta inguruko herrietako herritar guztiei begirakoa izango da Memoriaren Plaza. Gainera, udalerriko ikasleentzako beren-beregi antolatutako tailerrak ere egongo dira. Tailerrok 16 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendutakoak dira; daborduko, 250 ikaslek baino gehiagok izena eman dutela jakinarazi du Gogora institutuko zuzendariak: «gure helburua da ikastetxe guztietako ikasleak bertara hurbildu ahal izatea». Era beran, Imanol Landa Getxoko alkateak uste du ekimen hori aukera bat dela indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitzaren alde lan egiteko. Gogora institutuaren zuzendariak jakinarazi duenez, proiektu ibiltari horrek lau helburu ditu: memoria jendarteratzea eta partekatzea, guztion artean eraikitako gogoeta sustatzeko; herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko gunea eskaintzea; memoriak udalerrietan lantzea, dinamikak sustatzeko iraganari buruzko gogoeta kritikoak sustatze aldera; eta Gogora institutua bera ezagutzera ematea ere bai.

Udal-taldeen gogoetak

José Luis Landa PSE-EEko zinegotziak Memoriaren Plaza babestu du, bere ustez «interesgarria» delako askotariko indarkeriak bizipen pertsonaletatik jorratzea: «Indarkeria eragin duen erakundea edo taldea alde batera utzita, ekimen honetan azpimarratzen dena da biktimek pairatu duten sufrimendua, euren ideologia kontuan hartu barik».

Santiago Sainz Ciudadanoseko bozeramaileak ere ontzat hartu du proiektua, «indarkeriari zilegitasuna kentzeko» baliagarria delako eta oinarrizko eskubideak «balioesten» dituelako. Gainera, azpimarratu du ekimen hori udalerrian antolatzen diren beste batzuen osagarria dela, adibidetzat ipini ditu frankismoaren, 1936ko gerraren eta terrorismoaren biktimak oroitzeko ekitaldiak.

EAJk adierazi duenez, «desberdinen arteko elkarbizitzaren zein bakearen eta bizikidetzaren alde» lan egiteko konpromisoa dute, «biktimen ezagutza, errekonozimendua eta memoria» oinarritzat hartuz. Hala, indarkeriari zilegitasuna kentzeko lanean jarraituko dutela ziurtatu dute, baita giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitzaren alde lan egiteko apustua egin ere. PPkoek, berriz, biktima guztien mina aitortzeaz gainera, terrorismoaren biktimak bereizi dituzte, «ahaztuta daudenak direlako». «Eurentzako duintasuna, memoria eta justizia erreklamatzen segituko dugu», gaineratu dute.

EH Bilduk «biktimen, oroimenaren eta erreparazioaren arloan adostasunera heltzeko ahalegintzeko» prestasuna baieztatu du, eta Gogora institutuak egindako lana aitortu. Euskal Herriak urte luzeetako gatazkak bizi izan ditu, eta asko izan dira gatazka horien biktimak; horiek guztiek «aitortza, erreparazioa eta justizia» merezi dutela azpimarratu du koalizio abertzaleak, «salbuespenik gabe». Hori dela eta, Memoriaren Plazan omenduko diren biktimen katalogoan Eustakio Mendizabal Txikiaren memoria «alboratzen» dabiltzala deitoratu du EH Bilduk: «EAJren ustez Txikiak ez du errekonozimendua, memoria eta justizia merezi, Polizia frankistak Algortako kaleetan tiroz hil zuen arren. Epaitua izan aurretik hil zuten, bere burua defendatzeko aukerarik izan gabe». Horri erantzunez, Ezenarrok argi utzi gura izan du Gogora institutuak ez duela «inor» baztertzen. «Legeak onartzen dituen biktima guztiak oroitzen ditu Memoriaren Plazak, adituez osatutako batzorde batek aintzat hartzen dituenak, alegia». Jakinarazi du Txikiaren familiako «inork» ez diola kasua modu ofizialean batzordeari aurkeztu, «hortaz, ezinezkoa da legalki bere kasua onartzea».

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa