Antzezlan laburren lehiaketa antolatu du Kalianek, bigarrenez

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 21a, 10:00

Ondiz dorrean oholtzaratuko dira lan irabazleak, ekainean. © "URIBE KOSTAZ HITZ EGITEN" BLOGA

Kalian Hiri Kultur Guneak bigarrenez antolatuko du antzerki-lan laburren jaialdia. Aurrekoan legez, Ondiz dorrean egingo dute ekitaldia, ekainaren 10ean, hain zuzen ere. Orduantxe, eszenaleku ederrean, lau obra taularatzeko asmoa dutela iragarri dute antolatzaile leioaztarrek; eta antzerkiko mikrolanen lehiaketa moduko bat ere prestatu dute, lau antzezlan horiek aukeratzeko.

Hala, interesdunek euren proposamenak bidali ahal izango dituzte apirilaren 17ra arte, Kalianen helbide elektronikora. Proposatuko diren lanek 10-15 minutu artean iraun beharko dute, eta beharrezkoa da horien ezaugarriak zehazten dituen txostentxoa beteta bidaltzea ere. Horrez gainera, antzezlan laburraren bideo bat ere helarazi beharko zaie antolatzaileei; beste betebehar batzuk ere badira:

Oinarriak

Aurkeztu beharrekoak:

Txosten bat, ondokoak zehaztuz: zuzendaria, aktoreak, sinopsi laburra, eszenaratze-proposamena, datu teknikoak (soinua, irudia, proiektoreak, beharko luketen gunearen mota eta azalera, etab.), eta harremanetan ipintzeko helbide elektroniko bat zein telefono-zenbaki bat.

Irudi bat (300 puntuko kalitatean eta jpeg-n)

Bideo baten dokumentazioa (youtube edo vimeo guneetako loturagaz; we transfer bidez ere helaraz dakieke).


Epea eta bidea

Apirilaren 17ra arte jasoko dituzte proposamenak.

Hurrengo helbide elektronikora: info@kalian.es.

Irabazleak

Lau antzerki-lan labur aukeratuko dituzte; horiek izango dira II. Kalian Lan Laburren jaialdian oholtzaratuko dituztenak.


Taularatzea

Ekainaren 10ean, zapatuan, Leioako Ondiz dorrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun