Apirilaren 6an Getxoraino etorriko zara, bertoko Gure Esku Dagoren talde eragileak antolatu duen aurkezpenera. Zer deritzozu eragile horri?
Oso garrantzitsua dela eta gaur egungo egoerari oso ondo erantzuten diola uste dut. Demokraziari ematen zaion garrantzia gustatzen zait, bozkatzearen ideia, galdeketak egitea eta herriaren mobilizazioa sustatzea.
Herrialde Katalanetako prozesu independentista ezagutzen duzu hurbil-hurbiletik. Zelan bizi duzu hori?
Hasiera batean ikusle gisa bizi izan nuen dena. Kaleko jendeak zuen papera oso interesgarria iruditzen zitzaidan; jende «normalarena», politikaria, liderra eta famatua ez zenarena. Egoeragaz nazkatuta zeuden eta beharrezkoak ziren orduak eskaintzen zizkieten zer gura zuten politikariei azaltzeko. Jende horren borroka itzultzen hasi nintzen, egoera Herrialde Katalanetatik kanpo ezagutzera emateko. Eta hala, apurka-apurka, mugimendu horregaz bat egiten hasi nintzen, betiere bertan gertatzen zebilenaren berri emateko. Horretarako, XXI. mendeko teknologiaren erremintak baliatzen nituen: webguneak, blogak eta sare sozialak. Hala, gertakarietatik publikoarengana zuzenean heldu ahal izan nintzen.
Mugimendu independentista horiek munduratzea beharrezkoa dela uste duzu? Zergatik?
Bai, beharrezkoa dela uste dut bi arrazoirengatik. Alde batetik, ez dut uste inork lagunduko gaituenik herri bi hauetako etorkizuna erabakitzen, eta ez dut uste kanpoko inork egin behar duenik ere. Nire ustez, nazioarteko komunitatearen papera aitortzea baino ez da, behin erreferenduma egin eta independentzia deklaratu ostean. Gure errealitatea ezagutzera ematea garrantzitsua da aitortza hori lortzeko, independentzia lortuz gero. Bestetik, mota honetako mugimenduak eredugarriak dira, demokratikoak, biolentzia bakoak eta alaiak. Horrenbestez, munduko beste mugimendu eraldatzaileentzako eredu izan gaitezke. Azken 7 urteotan, milioi bat pertsona baino gehiago mobilizatu ditugu, zazpi biderrez, biztanleriaren % 20 inguru! Gure mugimendua efektiboa izan da oso; uste dugu itxaropena eman ahal diela bestelako mugimendu demokratikoei.
Eta munduak zelan ikusten ditu prozesu horiek denak?
Mundua oso handia da eta "status quo"-ra jo ohi du; estatuei interesatzen zaie gaur egun dagoen botere-balantza mantentzea. Hala ere, demokratek liluraz ikusten gaituzte. Mobilizatzeko dugun gaitasuna ezaguna da, demokraziaren alde egiten dugun apustuak prestigioa ematen digu, baita sinesgarritasuna ere. Badakite ez garela geldituko bozkatzeko ahalmena lortu arte, edozein herriren eskubidea delako.
Zure ustez, zeintzuk dira mugimendu independentista katalanaren eta euskaldunaren arteko ezberdintasunak?
Katalanak euskaldunetik ikasi du Estatua ebidentzian uzteko. Agintariek esaten zuten biolentzia barik edozertaz berba egin zitekeela, baina inoiz ez da hori bete. Gure Esku Dagok ere erakutsi du mobilizatzeko ahalmena duela, modu baketsu eta demokratiko batean; eta ziur nago independentzia lortzeko bide onean doala.
Joan den irailean argitaratu zenuen "Many Grains of Sand" liburua, eta egunotan aurkeztuko duzu Euskal Herrian. Zer jaso duzu bertan?
Aktibismo sozialerako ideia-iturria da. Askotariko argazkiak baliatuta, aldaketak posibleak direla erakusten da bertan. Eraldaketarako norbanakoek duten paper garrantzitsua erakutsi gura izan dut. Izan ere, pertsona bakar batek deklaratuko du independentzia, baina gainontzekook horretan lagunduko dugu, gure harri-koskorrak ezarriz, helmugaraino heldu ahal izateko.
Ez da plazaratu duzun lehenengoa...
"What´s up with Catalonia" (Zer gertatzen zaio Kataluniari?) liburua argitaratu nuen 2013an. Askotariko akademikoen, politikarien, ekonomisten, hezitzaileen eta linguisten entsegu-bilduma bat da, independentziaren gaiaren ingurukoa. Gainera, Toni Strubellen "What Catalans Want" (Zer nahi dute katalanek) eta Matthew Treeren Barcelona, "Catalonia: A View from the Inside" (Barcelona, Katalunia: Begirada bat barnetik) elkarrizketa-liburuak editatu nituen 2011n. Dena ingelesez dago, kanpokoek bertako egoera ezagutu dezaten.
Kataluniako Parlamentuak erreferenduma antolatuko du aurten. Zer espero duzue?
Erreferendum ofiziala eta loteslea egitea modurik onena da estatu independente bat sortzeko. Hartutako konpromisoan konfiantza dugu. Gainera, presidenteak baieztatu du Kataluniako Parlamentuaren eta Europako Parlamentuaren aurrean erreferendumak ondorio argiak izango dituela: botoen % 50 +1 lortuz gero, independentzia deklaratuko da. Ezin gehiagorik igarri!
Zein izango da mugimendu independentistaren etorkizuna?
Mugimendu honen amaiera independentziaren inguruko erreferenduma bera izango da. Hori irabazteko kanpaina egin behar dugu