Horrela, Darponek eta Mugicak agindu diete alkateei "ondoko astetan larrialdietako zerbitzua martxan ipiniko dutela". Halaber, "kanpo-kontsultetako zerbitzua ondoko medikuntza-espezialitate berrien irekiagaz handitu egingo dela" jakinarazi diete ere bai: endoskopia zerbitzua eta kirurgia handi anbulatorioko ebakuntza-gelak. Zentzu horretan, ireki osteko lehen hilabeteotan ospitaleak izan duen jarduera azaldu diete bertaratutako alkateei: 29.000 kontsultatik gora eta 18.000 probatik gora.
Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek bileran adierazi dutenez, "ospitalizazio-zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko dena prest badago ere, zerbitzuaren irekiera atzeratu" beharra dago; euren berbetan, "garbiketa, ikuztegia eta sukaldaritza zerbitzuak kanpora ateratzearen aurka sindikatuek aurkeztu duten helegitea onartzeko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) hartu duen erabakia" litzateke horren arrazoia. Zentzu horretan, "Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari KEAOren erabakia etetea eskatuko zaiola" aurreratu diete alkateei; hori eginda, Urdulizko Alfredo Espinosak Osakidetzako beste eskualdeko ospitale denek duten azpikontratazioaren bidezko "kudeaketa-sistema berbera izango du". Zentzu horretan, Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek beste behin berretsi dute Osakidetzan, "erakunde publiko gehienetan bezalaxe, garbiketa, ikuztegi eta sukaldaritza zerbitzua espezializatutako enpresen esku uztea erabakirik egokiena dela, funtzionario publikoen eskutan utzi ordez".
Azkenik, sailburuak zein Osakidetzako Zuzendariak konpromisoa hartu dute Urdulizko ospitalearen arreta jasoko duten udalerrien alkateak zerbitzuen garapenaren eta irekiaren inguruan unean-unean jakinaren gainean izateko. Aipatutako "garapena prozesu zaila da beti ere tamaina honetako ospitale batean". Amaitzeko, ospitale osoa ahalik eta azkarren irekitzeko helburuagaz elkarregaz lan egiteko konpromisoa hartu dute, "eskualdeko 175.000 biztanleen mesederako".