Astelehenean hasiko dira Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen eskualdean

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 6a, 10:00
Toti Martínez de Lezeak berbaldia emango du apirilaren 28an, Algortan. © EREIN

Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakiaren pean, datozen egun eta asteotan literaturari lotutako hamaika jardueraz gozatu ahal izango dute Uribe Kostako irakurzaleek. Barrikako, Erandioko eta Getxoko kultur etxe eta liburutegiek aurreratu dutenez, apirilaren 23ko data berezi hori ospatuko dute, nahiz eta jarduera ia denak egun horretatik kanpo egingo dituzten.

Barrikan hiru izango dira ekimen nagusiak. Datorren astelehenean, hilaren 10ean, Henning Mankell idazle suediarra zena izango dute gogoan udal-liburutegian, 18:30etik aurrera; Wallander polizia-inspektorearen serietik kanpoko eleberri bi izango dituzte berbabide liburu-forumean: 2006ko “Zapatos italianos” eta “Botas de lluvia suecas”; azken hori egilea hil ondoren argitaratu zen, 2016an. Halere, umeek ere zertaz gozatu izango dute: hilaren 21ean ipuin-kontalaria izango da. Aste bat beranduago, 28an, umeentzako irakurketa-kluba batuko da, ohi legez, bi txandatan. 17:30etik 18:30era 3 eta 4 urteetako neska-mutilek hartuko dute udal-liburutegia eta hurrengo orduan, ostera, 5 eta 7 urte bitartekoek.

Erandion, Erandioko Udal Bibliotekak irakurraldi publikoa antolatu du hilaren 24rako, astelehena, “Liburuaren Eguna ospatzeko”. Euskarazko ekitaldia udaletxeko bilkura-aretoan, Altzagan, egingo dute, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, Toti Martínez de Lezearen "Esne eta eztizko lurra" liburua irakurriko dute. Arrastian, ostera, liburuaren gaztelaniazko bertsioa irakurriko dute Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko areto nagusian. Saio hori 16:00etan hasiko da. Liburuzainek gonbita egin diete erandioztarrei aipatu irakurraldian parte hartzeko, lau minutuko txandaren bat nork bere gain hartzeko.

Liburu Azokatik kanpo

Azkenik, Getxo udalerriak agenda beteta izango du literaturaz. Udal-liburutegiek zenbait hitzordu garrantzitsu ipini dituzte, denak doan. Hala, apirilaren 18an, zabalduko dute “200 años conociendo a Jane Austen” izeneko literatura-tailerrerako matrikula; Fernando García Pañedak emango du tailer hori. Hilaren 19an, Versadas olerki-kluba batuko da Villamonteko kultur etxean, Ángel Gonzálezen olerkiak partekatzeko. Hurrengo egunean, hilak 20, gaztetxoek Bego Alabazanen "Combatiendo el miedo" ipuinaz gozatuko dute Gobelako ume-bibliotekan, 18:00etatik aurrera. Egun berean, Getxoko Kultur Etxearen Sortze-idazketa Tailerrak berbabide izango du Patrick Modianoren "Para que no te pierdas en el barrio" liburua. Apirilaren 21ean, barikua, Kontularien Klubak bere bilera egingo du, Villamonten 19:00etan, Europa ipuinerako gai bilakatzeko.

Hurrengo aste-akabuan, hilak 22 eta 23, Ramiro Pinilla idazle getxoztarra zenaren lana akordura ekartzeko baliatuko du Getxoko Turismo Bulegoak. Ibilbidea egingo dute “Verdes valles, colinas rojas” eleberria garatzen den zenbait lekutatik, 11:00etatik 14:00etara arte. Leku-kopurua mugatua denez, aurretik izena eman beharra dago 944 910 800 telefonoan.

Bestalde, Ondarreta abesbatzak aurkeztuko du 50. urteurrenerako Pablo Díaz-Guardaminok prestatu duen liburua. Ekitaldia Areetako Elkartegian izango da, 19:30ean, Bertan, Inma Shara orkestra zuzendari eta konpositoreak azalduko ditu liburuaren nondik norakoak.

Liburuak, topaleku

Dena den, liburuei arreta eta ekitaldi gehien emango diete apirilaren 27tik 30era Algortan egingo duten Liburu Azokan. Lau egun horietan, “liburuaren mundua izango da protagonista Azokari ezker”, udal-iturriek azaldu dutenez. Getxoko zortzi liburu-dendak eta udal-liburutegiek hartuko dute parte. Helduentzako zein umeentzako doako jarduerak egingo dituzte Telletxe plazan. Gainera, azkeneko nobedadeak erosteko aukera izango da, merkeago, %10eko deskontua izango baita.

Egunero jolasak, eskulan-tailerrak, irakurketa-txokoa, joko erraldoiak, ludoteka eta abar luze bat izago dute aukeran neska-mutilek. Modu berean, udalerrian egindako musika-jaialdietako kartelen erakusketa egingo dute.

Hilaren 27an, eguena, ikastetxeetako ikasleek hasiera emango diote Liburu Azokari, jendaurreko irakurketa etengabea martxan ipiniz, goizeko 10:00etan. Arrastian, Egizuk antolatutako Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa Julen Gabiria idazleagaz batuko da “Beruna Patrikan” bere liburuaren gainean berba egiteko. Saioa 19:30ean hasiko da.

Hurrengo egunean, hilak 28, Aixerrota institutuak aurkeztuko du @LeoTwitteo irakurketa-klub birtualak osatu duen irakurketa-proiektua, lankidetzan oinarritutakoa. Toti Martínez de Lezearen "Esne eta eztizko lurra" liburuaren gaztelaniazko bertsioa jorratuko dute Twitterren. Horretarako, sare sozialaren ikastaroa izango dute. Amaieran, Martínez de Lezearen zenbait liburu zozkatuko dituzte. Ondoren, 20:00etan, idazle gasteiztarra entzuteko parada izango dute, horrek “Cómo se escribe una novela” berbaldia eskainiko baitu.

Zapatuan, apirilaren 29an, hiru ekimenek hartuko dute Liburu Azoka. 11:00etan, “There is no place like space” ipuina kontatuko dute, Kids&Us hizkuntz-ikastegiak antolatuta. 18:00etan, ipuin eta sortze-jolasen gaineko tailerra izango da, Detalleres-ek antolatuta. Ordu bat beranduago, “Olerki xuxurlatua” poesia-saioa egingo du Kalabazan elkarteak. Azkenik, domekan, hilak 30, goizeko 12:30ean, Mamadou Dia idazleak hitzaldia emango du. Murtzian finkatutako senegaldarrak zenbait liburu idatzi ditu, tartean “3.502. Persiguiendo un sueño” eta “A las 15:00”. Aminata kultur zentroak kolaboratuko du ekimenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun