Uribe Kostak 359.50 puntu lortu zituen; Busturialdeak, ostera, 380.50 puntu. Finaleko Bizkaiera Onenaren saria ere Busturialdeko batek jaso zuen, Ibai Amillategi gernikarrak, eta Iratxe Ibarra bertsolariak eman zion.
Aurtengo txapelketa berezia izan da: 25 urte bete ditu Bertsolari Gazteen BBK Sariketak. Hori ospatzeko, Iratxe Ibarraren bertso jarriak kantatu zituen publikoak, bertsolariaren beraren eta Eire Larrea gitarra-jolearen laguntzagaz. Ibarrak BBK sariketaren lehenengo edizioan parte hartu zuen, baita irabazi ere, Lea-Artibaiko taldekideakaz batera. Bizitako esperientziari ipini zizkion bertsoak Ibarrak, eta sariketa sortu zuten Jon Lopategiri eta Joserra Bilbaori eman zizkien eskerrak.
Dena dela, finaleko benetako protagonistak parte hartu zuten hamabi bertsolariak izan ziren. Uribe Kostari dagokionez, honako hauek: 18 urtera artekoetan, Irene Ezkurrak, Aritz Landetak eta Unai Mendiburuk kantatu zuten; 24 urtera artekoetan, berriz, Inazio Vidalek, Kerman Díazek eta Paule Loizagak parte hartu zuten.