Uribeko bederatzigarren eskubaloi-campusean 2003 eta 2008 bitartean jaiotako neska-mutilak apunta daitezke; Urdulizko eskubaloi-taldeak eta Uribe eskubaloi-eskolak antolatu dute ekimen hori, udarako.
Campusa Mungiako Larramendi ikastolan eta inguruetan egingo dute. Bertan, gazteek eskubaloian jokatuko dute, hondartzan zein pistan, begiraleakaz zein eliteko jokalariakaz. Eurekaz berba egiteko aukera ere izango dute. Gainera, tailerrak, gaubelak, ur-jarduerak eta kanpoko jokoak egingo dituzte, besteak beste.
Antolatzaileek zabaldu dutenez, campusaren bigarren txanda itxita dago, Uribeko campusaren izen-ematea zabaldu eta egun batzuetan 90 lagun baino gehiago apuntatu eta zeuden leku-kopuruak bete zirelako. Hala, norbaitek atzera egingo balu bakarrik onartuko lituzkete partaide berriak txanda horretan, itxarote-zerrendatik hartuta: uztailaren 3tik 9ra. 1999 eta 2004 bitartean jaiotakoentzat da bigarren aste hori. Lehenengoan, ostera, oraindino leku-kopuruak libre daude. Txanda hori ekainaren 24tik 30era egingo dute, eta bertan 2003 eta 2008 (biak barne) bitartean jaiotakoek parte hartu ahal izango dute.
Izen-ematea
Leku-kopurua mugatua denez, inskripzioak heltzen diren ordenan banatuko dira. Hori dela eta, izen-ematearen fitxa ahalik eta lasterren betetzeko deia egin du Urduliz Eskubaloi Taldeak. Inskripzioa klubeko webgunean egin daiteke. Elkarteak erreserba baieztatu ostean, 380 euroko diru-sarrera egin beharko dute Urdulizko eskubaloi-taldearen kontuan, kirolariaren izen-abizenak zehaztuz. Ostean, izen-ematearen orria eta gurasoen baimena bete, eta klubera bidali beharra dago. Tramite horiek egiteko epea bost egunetakoa da, ondoren ez da campuseko lekua gordeko. Uribe eskubaloi-eskolak dena ondo dagoela konfirmatu, eta campuseko argibideak bidaliko ditu posta elektronikoz, fitxan emandako helbidera.
Argibide gehiagorako, jo daiteke honako bitartekoen bidez campusbase@urduliz.com eta 692 705 161.