Hain zuzen, horixe zen proiektuaren abiapuntua eta helburua; gastua 21 milioi eurokoa izan da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, "merezi izan du 24 hilabete itxarotea, haren bidez bete baita Uribe Kostako biztanleek egindako eskaera: metroaren 1. linea udalerrian lurperatzea eta hesi historikoak behin betiko jaistea. Horri esker, lurzoru publikoko 6.000 metro koadro irabazi dituzte erabilera eta luperketarako".
Gaur geltokia berriz abiatzean, behin betiko eten da Plentziako eta Sopelako geltokiak lotzeko erabili den autobus-zerbitzua, obrek iraun duten 24 hilabetean martxan egon dena. 1.680.000 euro bideratu dira autobus-zerbitzura.
Geltokia berriro zabaltzeko ekitaldia egin da, eta bertan izan dira: Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Javier Bilbao eta Gontzal Hermosilla Urdulizko eta Sopelako alkateak, Haizea Agiriano Plentziako alkateordea, Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburuordea, Vicente Reyes Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatua, Aitor Garitano ETS-ko zuzendari nagusia, Manu Tejada BGPko zuzendari kudeatzailea, eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusi leioaztarra.
Denera, 543 metroko luzera estali da Plentzia-Bilbo linean, %2,7ko maldan gehienez, geltokia barne. Geltoki berriak erdiko nasa bakarra du trenbide bietarako, 6 metroko zabalerakoa.
Geltoki berriaren ezaugarriak
Urdulizko geltoki berriak aurrekoaren kokapen bera du; baina, orain, erabat lurperatuta dago; bestalde, igogailua dauka eta kanpoko fosteritotik sartzen da bertara. Horretarako, tunel faltsu bat egin da, geltoki baten ohiko lekuak eta instalazioak ipintzea ahalbidetu duena, eta erdiko nasa bakarra utzi da bi trenbideetarako, 6 metro zabal dituena. Geltokia 172 metro luze da, eta 6 zutabe dauzka, bankuak, paperontziak, publizitate-euskarriak...
Geltokirako sarrera berorren gainean sortu den hiri-esparruaren kota berean dago. Gune horrek estaltzen du trenbidearen igarobideak orain arte utzitako “orbaina” udalerriaren hirigunean.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak azaldutakoaren arabera, “gaurtik aurrera, Urdulizek garapenerako hainbat aukera izango ditu: aisialdi-gune seguru bat, lurpeko geltoki irisgarri bat, mugikortasun hobea trenbide-trazaduraren inguruan, pertsonentzako eta ibilgailuentzako segurtasun handiagoa”, eta abar.
Ildo horretan, BGPk hitzarmena izenpetu du Urdulizko udalagaz, eta 400.000 euro emango dizkio lurperatze-lanen ondorioz sortutako azalera urbanizatzeko.
Hobekuntzak Plentzian eta Sopelan
Sopelaren eta Plentziaren arteko metro-zerbitzua etenda egon dela baliatuz, hainbat hobekuntza-lan egin dituzte Urduliz−Plentzia eta Urduliz−Sopela tarteetan. Beren-beregi Plentzian, honako lan hauek egin dira: eraikina birgaitu da; alboko sarrera berria eraiki da aurrekoaren ordez, erabiltzaileen segurtasuna areagotzeko; eta seinaleztapena hobetu da, trenak bata bestearen segidan ustiatzeko edo bi tren bata bestearen atzetik irten ahal izateko, elkarren arteko tarte bat utzita, beharrezkotzat jotzen denean (hondartza-sasoia, jaiak...).
Bestalde, Sopelan, BGPk "bretelle" bat ipini du, hau da, trenak gaur egungo geltokiaren atzetik desbideratzeko aukera ematen duen trenbideko gailua. Horri esker, “Metro Bilbaoren zerbitzuaren segurtasuna eta eraginkortasuna hobetu dira”, BGPren arabera.
Datu batzuk
- Inbertsio ekonomikoa (obra zibila): 21 milioi euro.
- Egikaritze-epea: 24 hilabete.
- Lurperatutako tartea: 543 metroko luzera.
- Gehienezko malda: % 2,7.
- Hondeaketa-bolumena: 99.976 tona.
- Hormigoi-bolumena: 16.727,76 metro kubiko.
- Muntatutako trabesa-kopurua: 1.717 unitate.
- Altzairu-kopurua: 1.264.092 kilo.
- Jarritako errailaren luzera: 2.759,9 metro.
- Erabilera publikorako hutsik geratu den azalera: 6.000 metro karratu.
- Urduliz–Plentzia trenbideko jarduketak: 949.581 euro.
- Sopelako jarduketak (trenbidea, katenaria, komunikazioak...): 1.170.284 euro.
- Plentziako jarduketak (autobus-geltokia, Plentziako geltokia...): 295.926 euro.
- Eusko Jaurlaritza: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Garapen Azpiegitura Sailak azpiegiturarako obrak finantzatu ditu, bai eta obraren % 50 ere, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundearen bitartez.
- Bizkaiko Foru Aldundia: obraren gainerako % 50a finantzatu du.
- Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP): erakunde horren ardura izan da tarteetan eta geltokietan behar den gainegitura hornitzea (“ticketing” sistema, komunikazioak, aginte postua, altzariak etab.), tarte berrien ustiapena gauzatu ahal izateko. Berak idatzi, lizitatu, adjudikatu eta zuzendu ditu obrak. BGPk Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpen berdinei esker finantzatu ditu obrak.
- Euskal Trenbide Sarea (ETS): Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Garapen Azpiegitura Sailaren menpeko erakunde publiko hori arduratu da azpiegituraren eta sarbide mekanizatuen proiektuak idazteaz eta lan horiek zuzentzeaz.
- Metro Bilbao: Erakundeak zerbitzua ustiatuko du obra amaitutakoan.