Jon Darpón sailburuak gogorarazi zuenez, ekimenaren helburua da adin denetako pertsonak sentsibilizatzea, edozein motatako ariketa fisiko egunero praktikatzeak duen garrantziaz. "Egunerokoan aktibo izateak gure osasuna hobetzen eta gu geu hobeto sentitzen laguntzen duelako", adierazi zuen sailburuak ibilbidea amaitutakoan.
Jon Darpón pozik agertu zen deialdiak jaso duen erantzunagatik, bere hitzetan, "erakusten baitu pertsonek beren osasunaren gaineko konpromisoa eta ardura hartzen dutela eta jokaera eta bizimodu osasuntsuak izateko beharraz gero eta kontzientziatuago daudela".
Kirola, depresioa prebenitzeko
"Getxotik Oinez Bizi" ekimena urtero ospatzen da, Ariketa Fisikoaren Nazioarteko Egunaren (apirilak 6) eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren (apirilak 7) ospakizunen harira. Aurten, OMEk, Osasunaren Mundu Erakundeak depresioa hautatu du kanpainarako. Gaixotasun horrek adin eta gizarte-baldintza denetako pertsonei eragiten die eta euskal herritarren %10ak pairatzen du. Depresioa buruko nahasmendua da eta pertsonen gaitasunean eragiten du; maiz eguneroko jarduera errazenak ere ez die egiten uzten. Laguntza-alorrari dagokionez, gaixotasuna hori kasuen %40ean kroniko bihurtzen da. Lehen Mailako Arretan diagnostikatu eta tratatzen da; bertan ematen zaio arreta osasun-sistema osoko depresioen %65i.
Hala ere, depresioa prebenitu eta trata daiteke eta, prebentziorako jardueren artean, ariketa edo jarduera fisikoa maiz egitea dago. Osasun Sailaren arabera, 2frogatuta dago egunero ariketa fisikoa egiteak kardiopatiak eta istripu kardiobaskularrak, II. motako diabetesa, koloneko minbizia, bularreko minbizia eta depresioa pairatzeko arriskua murrizten duela. Horrez gainera, energia kontsumitzeko funtsezko faktorea da eta energia eta pisua orekatzen laguntzen du".
Abantaila ugari baditu ere, Euskadiko helduen %30ak baino ez du behar bezalako ariketa fisikoa egiten osasun-egoera onari eusteko. "Egoera hori aldatu egin behar da", Jon Darpón sailburuak adierazitakoari jarraiki. Bere berbetan, "ezinbestekoa da, gizarte aurreratu batean bizi garenez, bizi-jokabide osasuntsuak izatea, heriotza ere eragin diezaguketen gaixotasunak prebenitzen laguntzeko". Horrez gainera, adierazi zuenez, "ariketa fisikoaz gozatu behar dugu eta zoriontsuago egin behar gaitu, besteakaz harremanak egin eta esperientziak partekatu eta ohitura bihurtu behar dugu".
Bere hitzartzean, paseoa amaitutakoan, Osasun sailburuak argi utzi gura izan zuen ariketa fisikoak beti egon behar duela norberaren ezaugarrietara egokituta, norberaren mugen arabera praktikatu beharra dagoela, osasunarentzat izan ditzakeen arriskuen arabera. Zalantzarik izanez gero, garrantzitsua da medikuari edo osasun-zentroko osasun-langileei aholku eskatzea. Aholkatutako jarduera fisikorik ezin bada egin, garrantzitsua da fisikoki aktibo mantentzea, ahal den heinean. "Egunean ordu erdiz paseoan ibiltzeak osasunari eusten laguntzen du", Darpónek azaldu zuenez. Horrez gainera, elikadura osasuntsuari eutsi eta tabakoa eta alkohola ekiditekotan, ondorio onuragarriak izango ditu gure bizi-kalitatean eta gure osasunean.
Getxoko ekimena 2013-2020ko Osasun Planeko ekintzen baitan kokatzen da eta, bertan, lehenetsitako alorra da "ingurune eta jokabide osasuntsuak". Horren helburua da osasuna sustatzea hainbat esparru oinarri hartuta, hala nola, ariketa fisikoa, elikadura-osasuna, adimen-osasuna eta ingurumen- eta lan-ingurune osasuntsuak; obesitatea, tabakismoa, alkoholaren kontsumoa eta bestelako mendekotasunak prebenitzeko neurriak ere barne hartzen ditu. Osasun Sailak agindu du esparru horietan beharrean segituko dela datozen urteetan eta, horretarako, guztien parte-hartzea lortzeko kanpainak egingo dituela: pertsonen ahalduntzetik hasi, norberaren osasunari eragiten dioten erabaki eta ekintzen gaineko kontrol handiagoa lor dezaten, eta komunitateak berak duen funtziora arte (Udalak, osasun- eta hezkuntza-erakundeak, elkarteak, eta abar).
Ariketa fisikoa praktikatzeko hainbat aholku
"Astean, gutxienez, bi ordu eta erdiko ariketa fisiko neurrizkoa edo ordu eta erdiko ariketa fisiko bizia egin behar da edo, bestela, bi horien arteko nahasketa", Osasun Sailak azaldu duenez. Egokiena da gutxienez hamar minutuko saioetan egitea (paseo bat eman, eskailerak igo, igeri egin, bizikletan ibili, yoga, tai ji, gimnasia, korrika egin, kirolen bat praktikatu, eta abar).
Ariketa fisikorik egiten ez bada, aholku horien azpitik dagoen edozein jarduera fisiko egitea ezer ez egitea baino onuragarriagoa izango da.