Errefuxiatuek gaur egun bizi duten egoera salatu eta eurenganako elkartasuna adierazi gura du Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak. Horretarako, nazioarteko topaketa bat antolatuko dute apirilaren 29an eta 30ean, Gernikan. Euskal Herriko, Espainiar estatuko eta beste herrialde batzuetako milaka lagun bertan batzea aurreikusten dute antolatzaileek. Izan ere, egun horietan Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga oroituko dute; hala, "gerrarik ez" oihukatuz, migratzaileak eta errefuxiatuak ondo etorriak direla aldarrikatuko dute.
Bertaraino, Uribe Kostatik ere errefuxiatuen aldeko ibilbidea egingo du Lemoiz, Gorliz eta Plentziako OEE plataformak. Plentzia-Mungia zutabea osatuko dute, apirilaren 28an, Gernikaraino oinez joateko. Arrastiko 04:30ean irtengo dira Plentziako portutik, Mungiaraino heltzeko. Bertan lo egitea aukeran egongo da, frontoian. Horretarako, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Hurrengo egunean, zapatuan, Gernikara bidea hartuko dute, 09:00etan. Aurreikusi dutenez, 17:00etan helduko dira hara. Bestalde, zapatuan Gernikaraino autobusez joatea ere aukeran egongo da. Zutabe denei ondoetorria egin ostean, askotariko ekimenak eta tailerrak antolatuko dituzte Gernikan, nazioarteko hainbat kideren laguntzagaz.
Ekimen horren nondik norako denak azaltzeko berbaldi informatiboa egingo dute hilaren 21ean, barikuan, 19:00etan, Plentziako Danontzat gaztetxean.