Herri-kontsultak Uribe Kostan

Uribe Kosta Ados: "Erabakitzea giza eskubidea ere bada"

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 28a, 14:08

Lemoiz, Gorliz, Plentzia, Urduliz, Barrika eta Sopelan egingo du Gure Esku Dagok herri-galdeketa.

Maiatzaren 7an, eskualdeko sei herritan erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa egingo du Gure Esku Dago herri-ekimenak sortu duen Uribe Kosta Ados taldeak. Horretako kidea den Imanol Igeregi sopeloztarragaz berba egin dugu, horren nondik norakoak eta zehaztapenak ezagutzeko.

"Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?", zergatik aukeratu duzue galdera hori?

Lan-batzorde batek egindako lanaren ondorioa izan da. Eskualdean sei herri biltzen gara, eta horietako ordezkariak batzen hasi ginen. Galdera horrek herri horien ezaugarriak edo asmo nagusiak ondo barnebiltzen dituela uste dugu; denon adostasuna bilatu genuen.

Zergatik uste duzue beharrezkoa dela Euskal Estatu burujabe bat?

Arrazoi desberdinak daude. Alde batetik, eskubide kolektiboen kudeaketa dago. Gure Esku Dago mugimendu bezala jaio da herritarren eskubide politikoak defendatzeko; demokrazian sakondu nahi dugu. Beste alde batetik, erabakitzeko eskubidea norberaren, herritarron, autogobernuaren ondorio naturala da. Horrenbestez, etikoki, ez diogu inori baimena eskatu behar erabaki ahal izateko. Eskubide naturala da, giza eskubideekin lotutako eskubidea da. Zergatik eskatu behar dira baimenak horrelako urratsak emateko?

Maiatzaren 7an egingo diozue galdera hori Uribe Kostako herritarrei. Zer aurreikuspen duzue?

Aurrera egiteko ditugun baldintzak ikusita, galdeketa egitea soilik izugarrizko pausoa dela uste dugu. Baldintza hauekin martxan jarri eta 16 urtetik gorako 2.000, 3.000 edo 4.000 pertsona hurbiltzen badira egun horretan itzela litzateke. Euskal Herrian 600.000 pertsonak bere iritzia emango balute izugarrizko indarra izango genuke. Zein alderdi politikok du horrenbesteko indarrik? Batek ere ez.

Erabakitzeko eskubidea gure artean errotuta dagoela erakutsi nahi dugu. Horretarako, beharrezkoa da ahalik eta partaidetza zabalena lortzea; eta hori eskatzen dugu. Bide honetan, boto batzuk biltzen ditugun bakoitzean aurrera egiten dugula eta urrats garrantzitsua dela uste dugu.

Zelan gauzatuko duzue galdeketa?

Konplikatua izango da, egia esan. Taldetxo bat badago lanean hori dena prestatzeko. Gure medioak edo baliabideak erabilita, herriz herri mahaiak jarriko ditugu. Gainera, jada eskualdeko auzokideek bozkatzeko aukera daukate.

Egunean bertan, berriz, 09:00etatik 20:00etara egongo da bozka emateko aukera. Hauteskunde arruntekin ahalik eta antz handiena eman nahi diogu galdeketari. Gainera, oso zorrotzak izango gara boto-ematearen kontrola eramaten. Inork ez dezala zalantzan jarri benetan hori dela herri hauetatik parte hartzen dutenen adierazpen librea. Baldintza demokratiko guztiak beteko direlakoan gaude.

Emaitzak herriz herri emango dira?

Bai; erabakitzeke dago ea prentsaurreko bateratua egitea datuak batu ostean sei herriotan: Sopela, Barrika, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Lemoizen.

Zein izango da hurrengo pausoa?

Ekainaren 10ean adierazpen publikoa egingo du Gure Esku Dagok, Bilbon. Bertan, galderak egiteko eta erantzunak emateko hor gaudela adieraziko da. Galdeketak euskal hirietara eraman nahi dugu. Momentu honetan indarrak pilatzen gabiltza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun