Herri-kontsultak Uribe Kostan

ELA eta LAB sindikatuek domekako herri-galdeketan parte hartzera deitu dute

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 4a, 16:23

Prentsaurrekoa egin dute sindikatuek gaur, eguenean, Sopelako udaletxearen aurrean.

Uribe Kostako hainbat enpresatako ELA eta LAB sindikatuko ordezkariek domekan, hilaren 7an, eskualdeko 6 herritan egingo den herri-galdeketan parte hartzeko deia egin dute gaur. Mota horretako ekimenak babestu dituzte, "elkarrizketan jardutea, eztabaidatzea, aurrez aurre jartzea, hausnartzea... eta azkenean jendeari galdetzea, normalena delako".

ELA eta LAB sindikatuen oharra:

ELA eta LAB, sindikatuko ordezkariok, ondorengo enpresetan ordezkatuak gaudenak: CAF Transport Engineering, Mecaner, Residencia Barrika Barri, Gorlizko udaletxea, Sopelako udaletxea eta beste hainbat; bat egiten dugu Gure Esku Dago herri-ekimenak Uribe Kostako 2017ko maiatzaren 7rako deituak dituen herri-galdeketekin; komunikatu honen bitartez, datorren maiatzaren 7rako deituak dauden herri-galdeketei gure babesa eman nahi diegu.

Babesa adierazi nahi diegu herri-galdeketei elkarrizketan jardutea, eztabaidatzea, aurrez aurre jartzea, hausnartzea... eta azkenean jendeari galdetzea, normalena delako. Galdetzea da ditugun aferei buruz erabakitzeko modurik onena, arazoak konpontzeko, beren elkarbizitza antolatzeko nahiz aurrera begirako erronkei heltzeko.

Batzuek diote galdetzeak eta erabakitzeak banandu eta zatitu egiten gaituztela, edo arduragabekeria dela. Baina gure iritziz, galdetuak izatea eta kolektibo gisa erabakitzea, kohesiorako eta erantzukizunez jokatzeko ariketa ezin hobea da. Gure bizitzak gure esku hartzen baititugu, beste inori delegatu gabe eta arduraz.

Langileak parte hartzera animatzen ditugu beste kolektibo eta beste pertsona askok bezala, egunero gure baitan jasaten baitugu zer den menpekoa izatea. Soldatapeko lanaren munduan, gure munduan, gutxi batzuek erabakitzen dute zer, nola, non eta zein modutan ekoizten den... Langileok bizirauteko eskaintzen zaigun lana onartu beste aukerarik ez dugu. Eta menpekotasun hori ez da soilik lan-arloan gertatzen. Kulturan, sexuen artean, nazioen eta etnien artean, guztion artean gertatzen da.

Testuinguru horretan, kontsulta egitea eta erabakia hartzea ardura (ahalduntze) ariketa bat da, gu kolektibo gisa indartzeko eta irmotzeko modu bat, menpekotasunaren kate guztiak hautsi nahi ditugula esateko modu bat, gure erabakien jabe izan nahi dugula gure bizitzako arlo guztietan: familian, lanean, herrietan, auzoetan nahiz estatuetan. Horrela erabakitzeko eskubidea erabat uztartzen bai da gure egunerokoan, langileon lanpostuen defentsan eta bermean.

Hau horrela, herritarrei, oro har, eta bereziki langileei, dei egiten diegu, herri-galdeketa hauetan parte har dezaten maiatzaren 7an.

Erlazionatuak

Domekan, erabakitzeko eguna

Iker Rincon Moreno 2017 mai 04 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun