Bihar zabalduko dituzte Urdulizko ospitaleko larrialdi-zerbitzuak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 8a, 16:06

Gaur goizean Urdulizko ospitalean egindako familia-argazkia. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak bere eskaintza zabaltzen segituko du laster: bihar, martitzena, larrialdi-zerbitzuak estreinatuko dituzte. Gaur, bertan izan dira Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Jon Darpón Osasuneko sailburua, instalazioak eta langileak ezagutzen.

Uztailean inauguratu zen Urdulizko ospitalea eta ordutik hona zerbitzuen kartera zabaltzen ibili da, modu mailakatuan. Bihartik aurrera, abian izango da larrialdietako zerbitzua ere, eta urteko 365 egunetako 24 ordutan egongo da zabalik. Uribe eskualdeko 175.000 bizilagunei eskaintzen dizkie arreta, tartean Uribe Kostako Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz udalerrietako bizilagunei. Bihartik aurrera, osasun-premia larriei ere erantzungo du.

Ospitaleko zerbitzu berria abian jarri aurreko egunean instalazio berrietan izan dira eta zerbitzu berrietan behar egingo duten profesionalakaz elkartu dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jon Darpón Osasuneko sailburua, María Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusia eta Javier Bilbao Urdulizko alkatea.

Iñigo Urkulluren esanetan, azpiegitura sanitario horrek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak "batetik, Osakidetza zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatearen alde eta, bestetik, egunez egun hobetzen eta sendotzen jarraitzearen alde egindako apustua". Urdulizko ospitaleak 38.000 metro koadro ditu (Larrialdietarako instalazioek 1.800 m koadro dituzte), eta eskualdeko biztanleei osasun-zerbitzu berriak eskaintzen segitzen du, Osasun Sailak azpimarratu duenez.

Lehendakariak esan duen moduan, ospitaleak zerbitzuak eskaintzeko bigarren faseari ekin dio. Hala, bihar hasiko diren larrialdietarako zerbitzuez gainera, etxez etxeko ospitaleratze zerbitzua ere ipini da abian daborduko, eta datozen egunotan kanpoko kontsulten zerbitzua ere zabalduko da espezialitate berriakaz.  Modu berean, digestio-endoskopiarako zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza-gelak ere ipiniko dira martxan, eta oftalmologiagaz hasiko dira. Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak bere esku-hartzean adierazi duen moduan, 6 milioi eurokoa izan da bigarren fase horretan azken belaunaldiko ekipamenduan eta teknologian egindako inbertsioa.

Aurrerago, eta mediku- eta kirurgia-ospitaleratze zerbitzuak, kirurgia-blokea eta erreanimazio unitatea (EU) martxan jarriko direnean, Urdulizko Ospitaleak bete-betean jardungo du funtzionatzen. Prozesua mediku-onkologia eta eguneko mediku-ospitalea abian jarriko direnean amaituko da.

Gaurko bisitaren amaieran Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du larrialdietarako zerbitzuko instalazioak prestatu direla "pazientearen segurtasuna lehenesteko", eta langile gaituak eta azken belaunaldiko ekipamendua izango dituztela haurrak eta helduak artatzeko.

Larrialdietarako zerbitzu berriak 2 triaje-postu (paziente larriari lehentasuna emateko lehenengo balorazioa); 8 anbulatorio-kontsulta; ebakuntza-gela; bihotz-biriketako erreanimazio-gela; tratamendu-gela; behaketa-gela; X izpien gela; traumatologia-gela; sendaketa-gela; eta boxetako 19 espazio ditu, guztira 1.800 metro koadro langile gaituek artatuta.

Erabilpen handia

Joan den uztailean inauguratu zenetik, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalean 32.000 kontsulta eta 20.000 proba baino gehiago egin dira.

Ospitaleak 38.000 metro koadro ditu 8 solairutan eta 3 eraikin-bloketan banatuta, eta bloke bakoitzak lurpeko bi solairu ditu, eta uztailetik pixkana abian jartzen joan den prestazioei larrialdietako zerbitzua eta etxez etxeko ospitaleratze-zerbitzua batu zaizkie orain, eta laster abian jartzekoak dira kanpoko kontsultetako hainbat espezialitate, endoskopia-zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza-gelak. Aipatutako zerbitzu berriez gainera, honako kontsulta hauek daude Urdulizko Ospitaleko zerbitzuen eskaintzan:

  • Kardiologia
  • Arnasa-aparatua
  • Erreumatologia
  • Kirurgia orokorra
  • Neurologia
  • Endokrinologia
  • Oftalmologia
  • Barne-medikuntza
  • Traumatologia
  • Otorrinolaringologia
  • Ginekologia
  • Dermatologia
  • Urologia

Eta beste honako prestazio hauek ere eskaintzen dira: erradiologia, ekografiak, TACak, telemandoa, mamografiak, erradiologia konbentzionala, ortopantomografiak, bai eta bularreko minbizia garaiz detektatzeko beharrezko probak edo bestelako proba osagarriak ere: ekokardiografiak, holterrak, EKGak, espirometriak, metakolina-testak, audiometriak, bertigo-probak, proba optikoak, kolposkopiak, histeroskopiak, flujometriak eta abar.

Osatekek Urdulizko ospitalean eskaintzen duen zerbitzuari dagokionez, abian jarri zenetik orain arte 5.000 erresonantziatik gora egin dira. Horietatik gehienak sistema muskulu-eskeletikoarenak, garezurrarenak eta bizkarrezurrarenak, eta zerbitzua astelehenetik ostiralera eman da, etenik gabe, goizeko 7:00etatik gaueko 22:30 bitartean.

Gaurko bisitaren argazkiak

Urkulluren bisita Urdulizko ospitalera (2017-V-08)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun