Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak barikuan hasiko dira

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 18a, 09:30
Joan C. Ferrer, iazko irabazlea, Erandiogoikoko helmugan. © ERANDIOKO UDALA

Datorren barikutik domekara, uztailaren 21etik 23ra, jokatuko da Txumaren Nazio­arteko Hiru Egunak lehiaketa. Kadeteen txirrindularitza-pro­ba mistoaren seigarren edizioa izango da. Erandioko Udalak eta Elkar Kirolak txirrindularitza-eskolak lasterketa berreskuratu zutenetik ohi den legez, nazioarteko parte-hartzaileak ugariak izango dira Erandio­goikoko apaiza izan zen Txuma Olague berangozta­rra omentzen duen proba horretan.

Probak sona handia hartu du azken urteotan, eta horren froga da 50 bat taldek eskatu dutela bertan parte hartzea. Halere, antolatzaileek 31 taldera murriztu dute zerrenda, proba ikusgarria eta bideragarria izateko. Baieztatutakoen artean daude zenbait selekzio: Nafarroa, Katalunia, Madril, Aragoi, Galizia, Asturias eta Kantabria. Hala, Murcia eta Valentzia kanpoan geratu dira; azken selekzio horrek probaren edizio bi irabazi ditu. Horretaz gainera, nazioarteko zenbait klub garrantzitsuk parte hartuko dute: Alacanteko Zafiro Cycling-ek, Joan C. Ferrer iazko irabazlearen taldeak; Erresuma Batuko Pedal Sport Regional-ek; eta Frantziako Lyon Sprint Revolution-ek. Bertoko taldeei dagokionez, besteak beste, lasterketan izango dira Seguros Bilbao Punta Galea, Lankar Elkar Kirolak, eta Bioracer Elkar Kirolak, emakumezkoen taldea.

Aurtengo etapak honakoak izango dira:

Uztailak 21, barikua, 18:30ean.

  • Erandio-Erandio: 61,5 kilometroa, errepidean. Iazkoaren oso antzekoa izango da, baina Zamudioko Parke Teknologikoaren gunean ibilbidean aldaketa txiki bat izango da. Bestalde, Arriagako igoerak apurtuko du lasterketa; gainera, Unbera birritan igoko dira txirrindulariak, Loiutik Akarlandako bidegurutzeraino.

Uztailak 22, zapatua, 11:30ean.

  • Berango-Berango: betiko ibilbidea, Unberako igoera osoagaz, mendiko sarirako puntuagarria, eta Berangoko zirkuituari zenbait buelta emanda.

Uztailak 23, domeka, 11:20ean.

  • Erandiogoikoa-Erandiogoikoa: Erandiogoiko ohiko birakaz; mendi-saria Quirón ospitalean egongo da ipinita eta tarteko helmugak itsasadarraren parean izango dira.

Txumaren Nazio­arteko Hiru Egunak lasterketak izaten ohi du euskal txirrindularitzaren profesionalen eta profesional ohien parte-hartzea eta hainbat bisita. Hala, bertatik pasatu dira Miguel Indurain, Jonathan Castroviejo, Julian eta Ruben Gorospe, Marino Lejarreta, Roberto Laiseka, Joseba Beloki, Pedro Horrillo, Alberto Leanizbarrutia, Josean Fernandez Matxin, Mikel Pradera, David Lopez, Igor Anton, Omar Fraile edo Mikel Iturria, batzuk aipatzearren.

Historikoki, Herrialde Katalanetara joan dira Txumaren maillotak. Iazko irabazlea Joan C. Ferrer izan zen, Alacanteko Zafiro Cycling taldearen txirrindularia. Aurreko urteetan, Guillem Garcia Kataluniako selekzioaren txirrindulariak eta Eugenio Sanchez eta Mikel Montoro Valentziako Erkidegoko selekzioko kideek lortu zuten Txuman nagusitzea. Eta lehenengo edizioan, Guillem Cassu katalana igo zen podiumeko lekurik gorenera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun