Langile bat hil da Erandioko Cables y Alambres enpresan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 20a, 11:22
Altzagako Cables y Alambres enpresaren artxiboko irudia. © CABLES Y ALAMBRES

Behargin bat hil da gaur goizean Altzagako Cables y Alambres Especiales SA enpresan, atzo izandako lan-istripu baten ondorioz. Ezbeharra atzo, martitzena, jazo zen, 20:00ak aldera: alanbrea txirrikatan biltzeko makina batek harrapatu zuen 41 urteko langile leioaztarra, eta zenbait zauri eragin zion buruan, LAB sindikatuaren iturriek albiste-agentziei adierazi dietenez. Horrezkero, behargina oso larri eroan zuten Gurutzetako ospitalera, Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Bertan hil da.

ELA, CCOO, LAB, UGT eta ESK sindikatuek salatu dute gertatutakoa eta euren elkartasuna adierazi diete biktimaren senide, lagun eta lankideei. Gaur goizean aurreikusita zuten 12:00etan enpresako langileen asanblada egitea, baina ordu horretan Langileen Batzordea bilduta zegoen Osalan laneko segurtasun eta osasunerako euskal erakundearen ordezkariakaz, enpresako zuzendaritzagaz batzartu ostean. 13:30erako atzeratu dute asanblada.CCOOk zabaldu duenez, bihar elkarretaratzea izango da Altzagako metro-geltokiaren aurreko zabalgunean, goizeko 11:30ean. Sortuk ere mobilizazioak iragarri ditu.

ELA sindikatuak nabarmendu du 46 direla daborduko "Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak". ELAk "prekarietate-egoerari" eta "lan-erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio-arautegiaren betegabetzeari" leporatu dio. Eusko Jaurlaritzari prebentzio-legedia betetzen dela bermatzeko kontrolak eta jarraipen-neurriak eskatu dizkio sindikatu abertzaleak.

LABek Vicinay taldeari egotzi dio heriotzaren erantzukizuna. Sindikatuak gogorarazi duenez, taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen Cables y Alambres enpresa, "inoiz iritsi ez diren inbertsio batzuk aginduz". Hala, "hamarkadetan luzatu den inbertsio falta horrek asko kaltetu ditu makina eta instalazioak eta ondorioz, bizitza arriskuan jarriz joan behar izan dute lanera langileek egunero eta lan-istripuak konstante bat izan dira azken urteotan zehar". Akordura ekarri dutenez, hainbatetan salatu dituzte lan-baldintza horiek, baina enpresaren erantzuna izan da "langileen ordezkariak presionatzea eta istripuak ekiditeko prebentzio neurririk ez hartzea", salatu dutenez.

UGTk, bere aldetik, administrazioei eskatu die "ikerketa sakona" egitea, "enpresak izan lezakeen ardura argitzeko". Sindikatuak langileen kopurua murriztu eta lan-karga handitzeari leporatu dio istripua. Osalanek azaldu du bere teknikariek ezbeharraren "lehenengo ikuskapen bat" egin dutela. Modu berean, ziurtatu dute "gertaerak argitzeko beharrean segituko" dutela.

ELA sindikatuaren oharra

Lan-istripu hilgarria Erandion

Heriotzazko lan-istripu berri bat gertatu da Bizkaian, Erandioko Cables y Alambres Especiales enpresan hain zuzen. Antza denez, makina batek harrapatuta. Azken honekin, dagoeneko 46 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak. ELAk egun langileek jasaten dituzten prekarietate egoera salatu du.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten dituzten prekarietate-egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan-erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio-arautegiaren betegabetzea bihurtu ohi da.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio-legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen-neurriak berehalakoan ezarri ditzala exijitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean.

LAB sindikatuaren oharra

Langile baten heriotza salatu dugu Vicinay taldeko Erandioko Cables y Alambres enpresan

Gaur, asteazkena, lanean zegoen langile baten heriotzaren berri izan dugu. Langilea, makina batek harrapatua izan ondoren hil da. Lehenik eta behin, gure doluminak eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen familiari, era berean, elkartasuna helarazi nahi diegu bere gertukoei, bere lankideei eta langile-klase osoari oro har. Heriotza honekin gutxienez 43 dira lan istripuz urte hasieran lan-istripuz hildako langileak Euskal Herrian 2017a hasi zenetik.

Argi dugu istripuak ez direla puntualak eta ez direla kasualitatez gertatzen. Arazo estruktural baten aurrean gaude, lan harremanen eredu zehatz bati erantzuten diote, eta eredu honetan, arriskuan dago langileen osasuna eta bizitza.

Prekarietateak hil egiten duela salatzen dugu, erantzuleak egon badaudela eta istripuak ekidin ahal eta behar direla. Lan istripu honek erantzule zehatzak ditu, Cables y Alambres Especiales enpresa eta Vicinay taldea.

Behin baino gehiagotan egin ditugu salaketak eta gelditu ditugu makinak enpresa honetan eta horren aurrean, enpresaren erantzuna izan da langileen ordezkariak presionatzea eta istripuak ekiditeko prebentzio neurririk ez hartzea. Enpresa honetan ez da inolako inbertsiorik egiten eta makinak guztiz zaharkituta daude.

Hamarkadetan zehar luzatu den inbertsio falta honek asko kaltetu ditu makina eta instalazioak eta ondorioz, bizitza arriskuan jarriz joan behar izan dute lanera langileek egunero eta lan-istripuak konstante bat izan dira azken urteotan zehar.

Vicinay taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen Cables y Alambres enpresa, inoiz iritsi ez diren inbertsio batzuk aginduz.

LAB sindikatua langileek bizi zituzten lan-baldintza kaxkarrak salatzen ibili da eta honen aurrean, enpresaren erantzuna errepresioa izan da, presioa eta onartezinak diren laneko erritmoak inposatzea.

Berriz ere zero tolerantzia, kontrola eta zaintza exijitzen dizkiegu administrazioari.

Azkenik, LAB sindikatutik dei egiten dugu datozen orduotan artikula litekeen erantzunean parte hartzera eta euren lan-zentroetan lan-baldintza duinen alde borrokan egiteko deialdia egin nahi dugu, irabazi enpresarialen gainetik langileen osasunaren alde egingo duen eredu baten arren. Prekarietatea hiltzailea, erantzuleak badaude.

Sindikatuek, Leioako zinegotziek eta Ernaik zabaldutako txioak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun