Herri-kontsultak Uribe Kostan

Hona eta Kataluniara begira daude gaurko herri-kontsultak

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 5a, 09:32

Giro alaian irakurri dute adierazpena Berangon.

"Euskal Herrian erabakia gauza dadin" konpromisoa berretsi dute dozenaka herritarrek, goizeko 09:00etan Berangon, Erandion, Getxon eta Leioan ipinitako hautetsontzietan. Mahai denetan irakurritako adierazpenean, nabarmendu dute "Kataluniatik datozkigun berri txarrei erantzuteko ere baliatu" gura dituztela gaurko herri-galdeketak.

Adierazpena, berbaz berba

Euskal Herrian erabakia gauza dadin gure eskuetan dagoen guztia egingo genuela esan genuen. Eta gaur konbentzimendu eta determinazio osoarekin esan dezakegu gure eskuetan dagoen guztia egiten ari garela. Euskal Herrian erabakia gauza dadin, gure herrian erabakia gauzatzera goaz, hautetsontziak kalera atera eta herritarren esku jarriz. Berme guztiekin. Normaltasunez. Martxan dira herri-galdeketak Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion.

Harro gaude, muga asko gainditu ditugulako bidean. Pausoak eman ahala ikusi dugu ezinezkoa zirudien hori posible dela, ezina ekinez egiten dela. Banatzen gintuzten hormak eta harresiak gainditzeko gai garela, adostasunak josteko gaitasuna dugula, elkarrekin gauza handiak egin ditzakegula eta herritarron borondateak mugarik ez duela. Erabakitzeko eskubidearen defentsak elkartzen gaitu, demokraziak berak. Eta horretaz jabetu gara herritarrak. Horregatik, gaur erabakiari atea zabalduko diogu eta 57 hautetsontzi aterako ditugu hamahiru herrietan.

Kataluniatik datozkigun berri txarrei erantzuteko ere baliatu nahi ditugu gaurko herri-galdeketak. Herritar zoriontsuak, boto-paperak eta hautetsontziak erakutsiko dizkiogu neurri autoritarioen bidez ideien aurkako eta demokrazia bateko oinarrizko printzipioen kontrako jazarpena egiten ari den estatu espainiarrari. Euskal Herrian ere milaka herritar ahaldundu eta nekaezin baikaude, demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean. Horregatik, gaurko egunean Kataluniako herriari egin diezaiokegun ekarpenik handiena hautetsontziak botoz betetzea da. Goazen ozen esatera herritarrok gure etorkizun politikoa erabakitzeko bidean gure ekarpena egin nahi dugula eta ekarpen hori ezinbestekoa dela etorkizun hobeago bat eraikitzeko.  Hemen eta Katalunian.

XXI. mendeko demokrazian bizi nahi dugu. Gure eskubideak, gure hitza, gure borondatea eta gure nahia errespetatuko dituen demokrazian. Eta hori edo herritarrok bermatuko dugu, edo ez da aldaketarik izango. Gaur gutako bakoitzak aukera daukagu ekintza txiki batekin ekarpen handi bat egiteko. Hautetsontziak zabaldu berri ditugu eta auzokideei guztiei dei egiten dizuegu, boto-papera eskuan, demokraziaren ariketa honetara etor zaitezten. Bai, Ez edo zuriz bozkatu, baina bozkatu. Zuen botoa garrantzitsua da. Etorkizuna gure esku dago!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun