Hizkuntzaren zalantzategia

Denborazko esaldiak, zenbat buruhauste!

Eunate Muruaga 2019ko api. 11a, 10:06

Hizkuntza aberatsa da euskara, zalantza barik. Informazioa aditzera emateko aukera asko dituena. Horien artean egokiena hautatzea, ordea, ez da erraza izaten. Denborazko esaldietako atzizkiak izaten dira horren adibide argia.

Azken boladan asko hedatu da -T(Z)ERAKO atzizkiaren erabilera okerra. Sarri entzuten ditugu mota honetako esaldiak: "Gai horretaz mintzatzerako orduan, garrantzitsua da zuzentasuna". Hala ere, egitura desegokiak dira, eta -TZERAKO ORDUAN edo -TZERAKO GARAIAN beharrean, -TZEKO ORDUAN edo -TZEKO GARAIAN erabili behar dira. Alegia: "Gai horretaz mintzatzeko orduan, garrantzitsua da zuzentasuna".

Horrek ez du esan nahi -TZERAKO erabili ezin daitekeenik, izan ere baditu bi erabilera zuzen. Bata -T(Z)ERAKO, jadanik gertatua dena adierazteko erabiltzen dena: "Dantza-saioa bukatzerako, desagertua zen Pennyren haserrea"; hau da, saioa bukatu zene(ra)ko. Bestea, berriz, -T(Z)ERAKOAN atzizkiaren erabilera: "Estrategia martxan jartzerakoan, beste ikuspegi batzuk hartu behar dira kontuan".

Baina nola bereizi elkarrengandik denborazko -T(Z)EAN eta -T(Z)ERAKOAN? Bi egiturek denbora-aldiberekotasuna adierazten dute, denbora berean jazotzen dira esaldiko gertakariak. Kontua da -T(Z)EAN atzizkiak modu zabalean markatzen duela aldiberekotasuna, eta horregatik sortzen dela zalantza esaldi batzuetan. Edonola, denbora berean gertatze horretan ñabardurek zeresana dute: izan daiteke gertakariaren hasierako unean izatea aldiberekotasuna; izan daiteke gauzatzen ari den une guztian, edo izan daiteke amaieran. "Etxean sartzean, lurrera jausi zen". Non jausi zen: kanpoan, atean ala barruan?

Bada, atzizkiaren arabera ñabardura horiek zehaztu daitezke: "Etxean sartzerakoan, lurrera jausi zen", hau da, etxera sartzera zihoanean jausi zen. "Etxean sartzean, lurrera jausi zen", hots, etxean sartzen ari zenean jausi zen. Azkenik, "Etxean sartutakoan, lurrera erori zen"; kasu horretan etxean sartu zenean jausi zen.

Hortaz, ez da egokia -TZERAKOAN erabiltzea forma orokortzat, bere esanahitik kanpo. "Txiletik itzultzerakoan, albiste onak ekarri zituen". Esaldi horretan esaten da Txiletik itzuli aurretik ekarri zituela albisteak; hori ez da posible. Hona forma egokia: "Txiletik itzultzean, albiste onak ekarri zituen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun