Eskirolei maitasunez

Maitane Nerekan Umaran 2020ko ots. 5a, 15:34

Greba-deialdia izan zen joan den urtarrilaren 30ean. Batzuek deialdiarekin bat egin genuen, nahi eta ahal izan genuelako (diru-galera onartu genuen; agian, norbaiti oraindik ere gogoratu behar zaio greba egiten dugunean dirua kentzen digula patronalak). Beste batzuek ez zuten greba egin nahi izan edo ezin izan zuten (animo zaintza-lanean zaudetenei!). 

Greba ez egitea eskubidea da, ados. Badakit, herriko dendari eta tabernari batzuek, deialdiaren arrazoiak ulertu bai, baina euren negozioan izan zezakeen eraginagatik, ez zuten negozioa itxi. Lanpostura joan zinetenen argumentuak zilegi dira, kapitalismoa gidatzen duten gizonek mehatxupean dituzte langileak, eta beldurra sentitzea zilegi da. Baina, mesedez, inork ez dezala lagunartean erabili modan jarri den argumentu neoliberal nazkagarria: grebek eta sindikatuek ez dute ezertarako balio.

Algortan (Uribe Kosta osoan, zoritxarrez) sistema elikatzen dutenen kontra altxatzeko arrazoiak infinituak dira. Amenabar, Neinor edo halako mafiek gure herrietako lurren kontura aberasten dira. Aitite eta amama pentsiodunak esplotatuta ditugu, kontsiliazioa Emakunderen txiste sarkastikoa delako oraindik. Getxo Antzokiko astakeriarekin aberastu dena, Espainiako senatuan prejubilatu dute. Zure semeak ingeniaritza ikasten du prestigiozkoa dela esan zeniolako eta, enpresa-munduan sartzean, hamabi orduko lanaldiak ematen duen prestigioa zer den ikasiko du kolpez. Psikologoen kontsultak antsietatez jota daudenekin gainezka daude, sistema errepresibo eta erreprimitu honek gaixotu dituelako. Eta abar.

80ko hamarkadako Euskaldunako langileek baino arrazoi gehiago ditugu grebarako. Horiek langabe geldituko zirenengatik borrokatu zuten. Orain, lanean dauden askoren egoera ere penagarria da. Ez zaitez konformatu Franco oso gaiztoa zela esanez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun