Sakonean

Elkar zaintzearen beharra

Iker Rincon Moreno 2020ko ira. 15a, 08:23

Auzolanean, elkar laguntzeko sareak martxan egon dira konfinamenduak iraun duen bitartean Uribe Kostako hainbat udalerritan, “herritarren beharrizanei erantzuna emateko”. Krisia, baina, ez da amaitu; hori dela eta, gaur egun existitzen ez diren edo erakundeak heltzen ez diren hainbat eremutan alternatibak sortzeko egitasmo berria jarri dute martxan Gorlizen, Lemoizen eta Plentzian: Ari Du plataforma. Zertan datza iniziatiba hori? Bertako kideakaz berba egin dugu horren nondik norakoak ezagutzeko. 

Sei hilabete igaro dira SARS-CoV-2 edo Wuhango koronabirusak gurean lehendabizikoz agerraldia egin zuenetik. Ordutik, birus horrek eragindako COVID-19 izeneko gaitz ezezagunak milaka infektatu eta ehunaka hildako utzi ditu Euskal Herrian. Martxoaren 1ean atzeman zuten lehenengo kasua gure inguruan, Osakidetzak emandako datuen arabera; Uribe Kostan 67 gaixo zeuden identifikatuta martxoaren 18rako (egun horretatik aurrera hasi ziren herriz herriko zenbaketaren berri ematen). Egun batzuk lehenago, martxoaren 13an, Iñigo Urkullu lehendakariak Osasun Larrialdia dekretatu eta, tantaz tanta,  etengabean, aurreko egunean autonomia-erkidegoko eskola denen bideari jarraituz, lokalak ixten eta ekitaldiak bertan behera uzten hasi ziren. Hurrengo egunean, martxoaren 14an, aldiz, Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidentearen gidaritzapean, Larrialdi Egoera ezarri zuen Estatu osoan. Ondorioz, pertsonen mugimendua eta ekonomiaren jarduna murriztuta gelditu zen, izoztuta, mundu osoan etengabe hedatzen hasia zen birusa geldiarazteko asmoz. Aste birako kontua zirudiena maiatzaren 6ra arte luzatu egin zen, dekretua lau aldiz berritu ondoren. 

Konfinamenduaren eraginez, ia hilabete bian zehar espainiar Estatuko herritar denek debekatuta izan zuten kalera irtetea, lehentasunezko arrazoiengatik salbuetsita, hala nola erosketak egitea edo lanera joatea. Neurri horrek, baina, hirugarrenen laguntza behar izan ohi duten pertsonei eta kolektibo zaurgarrienei kalte egin zien nabarmen, besteak beste. Gaur egungo gizartean presente dauden arrakalak handitu ditu etxealdi horrek, bete-betean. Konfinamendua bera koiunturala izan bada ere, horren eraginez esponentzialki handitu diren arazoek oinarri estrukturalak dituztela ondorioztatu dute askok denbora tarte honetan. “Aspaldi utzi genion albokoari zelan dagoen galdetzeari, gure zilborretik begirada altxatu ezinean. Bada garaia komunitatea zentrora ekartzeko, bizitza duinak balioan jarri eta zenbakietatik begirada aldenduz auzokideari so egiteko”, adierazi zuten martxoan Algortarrok Zaintzen sare herritarreko koordinatzaileek. Izan ere, konfinamendua agindu bezain laster sortu  ziren han-hemenka premia handiena zutenei erosketak egiten eta beste zeregin batzuetan laguntzeko herritar-sareak, hala nola Erandion, Getxon, Gorlizen, Leioan, Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen. Erandioztarren kasuan, azaldu dutenez, herri-mugimenduko 30 kide baino gehiagok osatu zuten zaintza-taldea. Algortako sareari dagokionez, 300 pertsona baino gehiago batu zen egitasmora, “berria ez den krisi bati” erantzuteko asmoz; “zaintzaren krisiari, alegia”. Deitoratu dutenez, “egoera jada aurretik zegoen, eta koronabirusaren krisiaren ondorioz egoera handitu besterik ez da egin”. 

Pandemiari aurre egiteko konfinamenduak askotariko gabeziak agerian utzi ditu. Arazo horiei aurre egiteko, askotariko laguntzak eskaini dituzte udalek eta instituzioek hilabeteotan. Hala ere, herritar askoren ustez ekimen horiek ez dira nahikoak izan egoerari behar bezala erantzuteko; hori dela eta, auzokideak saretu eta ingurukoak zuzenean laguntzeko ekimenak bultzatu dituzte herriz herri.

Sareok martxan egon diren bitartean, inguruko auzokideak laguntzen ibili dira; erosketak egiten, botikak eskuratzen, zarama ateratzen eta maskotak zaintzen, besteak beste. Horrez gainera, askotariko eskaintza kulturalak eskaini dituzte etxealdiak dinamizatzeko, baita euskaraz jarduteko umeentzako mintzapraktika saio telematikoak ere, hala nola Algortan eta Leioan. Orokorrean, instituzioen laguntzarik gabe eraman dute aurrera euren jarduna, horren beharrik ez dutelako izan edo instituzioakaz koordinatzeko saiakerek porrot egin zutelako.

Nolanahi ere, badira zenbait erakundegaz elkarlana sustatu dituzten sareak. Berbarako, Sopelakoak Bizkaiko Foru Aldundiak bideratutako BizkaiaGara boluntarioen egitasmoagaz bat egin zuten. Plentzia, Gorliz eta Lemoizeko Zaintza Sarea, aldiz, Gurutze Gorria erakundeagaz batera jarri zen lanean, baita Gorlizko Udalagaz ere. Premia izan duten hiru udalerrietako pertsonei laguntzeko sortu zuten iniziatiba hori, eta 25 boluntariok baino gehiagok osatu dute lantaldea. Horiek ere jende nagusia laguntzeko eskaintza egiten hasi ziren; hala ere, berehala ohartu ziren gehienek familia-sare bat dutela inguruan eta behar horietarako senideak balia zitzaketela.

Kontuak hala, proiektu integralago bat osatzea erabaki zuten, asistentzialagoa, erakundeek artatzen ez zituzten sektoreen beharrei erantzuteko, hala nola jende migratuari eta familia zaurgarriei. “Instituzioak ez dira heldu familia horietara, eta jarri dituzten baliabideak oso pobreak izan dira orokorrean. Guk egin dugun lana instituzioen ardura da, horiek dituztelako egoerari erantzuteko medioak. Hala ere, hilabeteotan ikusi ahal izan dugu hori ez dela horrela izan, eta herritarrak izan gara egoerari erantzuteko antolatu behar izan garenak”, azaldu du Ane Escondrillas Zaintza Sareko kideak.

Krisiari elkartasunez aurre egiten

Inguruko beste hainbat udalerritan legez, pandemiaren hasieran osatu zuten herritarrek Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Zaintza Sarea. Bidea ez da samurra izan, pausoz pauso hainbat oztopori aurre egin behar izan baitiote; hala ere, pertsona askoren elkartasun eta talde-lanari esker, horiei denei aurre egitea lortu du taldeak. 

Konfinamendua arintzeko pausoak ematen hasiak zirela, Gurutze Gorriak bere eginbeharrak amaitutzat eman eta sarea utzi zuen, “familiek beharrizan gehiagorik ez zutelakoan”, deitoratu du Escondrillasek. Erakunde humanitario horrek taldea martxan jartzeko oinarrizko azpiegitura eskaintzen zuen hasiera-hasieratik, hala nola beharra zutenentzako janaria batzeko elikagaien bankuarekiko harremana eta banaketa ahalbidetzeko ibilgailuak. Gorlizko Udalak, bere aldetik, udalerriko frontoia egokitu zuen sarearen kudeaketa-lanak egiteko, baita pertsona liberatu bat jarri behar denak koordinatzeko ere. 

Plentzia, Gorliz eta Lemoizko Zaintza Sarea aktibo egon den bitartean askotariko jendeari lagundu diote; hala ere, Ane Escondrillas sarekideak azpimarratu duenez, jende migratua eta familia zaurgarriak artatu dituzte batez ere. “Horiexek dira lan prekarioak dituztenak eta, krisiaren eraginez, lana galtzen lehenengoak izan dira baita ere”. 

Maiatzaren hasieran, baina, erakunde bi horien laguntzarik gabe gelditu ziren. Lehenengoak bere lana “amaitutzat” eman zuen; bigarrenak, aldiz, sarea Udalaren parte izatea proposatu zuen, eta horri uko egin behar izan zioten boluntarioek. “Guk beti aldarrikatu dugu gure burua sare moduan; sarea gara eta ez genuen identitate hori galdu nahi. Gainera, Udalak mahai-gaineratutako asmoak gure lana Gorlizera mugatzea ekarriko zukeen, Plentzia eta Lemoiz bazter batean utzita”, defendatu du sarekideak. 

Hala, Udalak utzitako lokalik eta laguntza instituzionalik gabe, ahal bezala lanean segitzeko hautua hartu zuten hiru udalerri horietako boluntarioek, oraindino beharra zuten 70 familiak artatu ahal izateko. “Guk argi genuen hasiera-hasieratik lanean segituko genuela familia denen beharrak ase arte”. Eta hala egin zuten, auzokide denen elkartasunari esker. Inguruko herritarrek euren aletxoa jarri zuten zeregin horretan, janaria batzen, dohaintzak egiten zein lokalak uzten. “Auzokideen erantzuna izugarria izan da. Sare oso handia lortu dugu; jendeak Zaintza Sarean sinetsi du. Herri dinamika oso polita eta eraginkorra sortu dugu, eta hori lorpen handia da”, ondorioztatu du Escondrillasek. 

Azkenengoak ase arte

Plentziakoa izan da Zaintza Saretik laguntza jaso duen azken familia, horren egoera sozioekonomikoa baretzeko eta orekatzeko senideetako batek lana topatu duela bermatu ondoren. Izan ere, janaria banatzeaz gainera, bestelako ekintzak burutu dituzte Gorliz, Lemoiz eta Plentziako boluntarioek, hala nola familia zaurgarrienentzako lana bilatzea eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeei laguntza eskaintzea. Orain, baina, “bizi dugun testuingurua aldatu egin dela eta harremanetan geunden familiak beste egoera batean daudela ikusi ondoren”, euren lana behin-behinekoz amaitutzat ematea erabaki dute. “Espero dezagun epe laburrean gure funtzioaren beharrik ez izatea. Adi egongo gara”. 

Asistentziatik sortzera

Maiatzetik aurrera apurka-apurka gizartea nolabaiteko normaltasuna berreskuratzen hasi den arren, COVID-19aren pandemiak berton segitzen du, gure artean, dena baldintzatzen eta ziurgabetasunaren haziak zabaltzen. Osasun-krisiak askotariko beharrak eragin ditu, eta horiexek asetzeko asmoz plataforma berria sortu dute Plentzian, Gorlizen eta Lemoizen: Ari Du. Talde berri hori Zaintza Sareak egindako bideari jarraipena emateko jaio da, gaur egun existitzen ez diren edo erakundeak heltzen ez diren hainbat eremutan bide berriak sortzeko helburuagaz. Elkarrekiko laguntzan sakonduz, COVID-19aren krisiaren ondorioak arintzen lagunduz, daborduko martxan dauden beste ekimen batzuekaz batera, eta udalek eta Uribe Kostako Mankomunitatea sustatutako ekimenakaz batera egin gura dute lan, azaldu dutenez. “Pertsonen bizitza erdigunean kokatuko duen eredu sozioekonomiko baten alde egingo dugu, elkarren arteko eta taldeko zaintzan sakontzeko”.

“Pertsonen bizitza erdigunean kokatuko duen eredu sozioekonomiko baten alde egingo dugu, elkarren arteko eta taldeko zaintzan sakontzeko”

Ari Du sarea

Zaintza Sareari amaiera eman eta gutxira, hausnarketa prozesu baten ondoren eman zituen lehenengo urratsak Ari Du plataformak. Ane Escondrillas sarekideak bertako lantaldean ere parte hartzen du, eta azaldu duenez, plataforma berriak askotariko arloak jorratuko ditu: hezkuntza, euskara, indarkeria matxista, osasuna, arreta psikologikoa, lan-mundua, sozietatea, tokiko garapena eta agroekologia. “Arlo horiek denak landuta, gure ideia da instituzioak interpelatzea, alternatibak sortzen ditugun bitartean. Ez dugu laguntza-zerbitzu soil bat izan nahi”.

Une honetan proiektua osotasunean borobiltzen ari dira, gaur egun bizi dugun egoera aldakorrari modurik eraginkorrean erantzun ahal izateko. Escondrillasek azpimarratu duenez, askotariko herritarrek bat egin dute egitasmoagaz. Alde batetik, gai edo arlo batean adituak direnek parte hartzen dute; hala ere, edonor batu daitekeela azpimarratu du gazteak: “Bakoitzak dakienaren arabera lagun dezake; ez da aditua izan behar. Pertsona bera euskarri bat izan daiteke beharra duen besteari laguntzeko”. 

Hezkuntza-arrakalak estaltzeko asmoz

Plataforman jorratzekoak diren arloetan banatuta daude lantaldeak, eta horietako bakoitzak bere erritmoari segitzen dio. Hala, horietatik denetatik urrats gehien eman dituztenak hezkuntzari eta euskarari lotutakoak direla azpimarratu dute. Bertako kidea da Esti Olabarrieta, eta, azaldu duenez, hiru udalerrietako eskoletako zuzendaritza-taldeakaz kontraste bat egin ondoren jarri zuten egitasmoa martxan, ekain aldean. Gogoratu duenez, martxoaren erdian itxi ziren eskolak, eta etxetik ikasi behar izatearen eraginez, ikasle askok hainbat gabezia eta behar izango zituztela ondorioztatu dute, baita hiru arrakala nagusi identifikatu ere. Alde batetik, eskolara ez joatearen ondorioz ume askok euskararekiko harremana denbora luzez galdu dutela deitoratu dute Ari Du taldeko kideek, “badira euskaraz ez dakiten guraso asko; ondorioz, neska-mutilek ikastetxean bakarrik izan ohi zuten hizkuntza horrekiko harremana, eta konfinamenduarekin hori galdu egin da”. 

Bestetik, familia zaurgarrien artean baliabide teknologikoetarako irisgarritasun-maila baxua dela azpimarratu dute, horrek etxetik eskolen jarraipena egiteko dakartzan zailtasunakaz batera; eta, azkenik, pandemiaren ondorioz umeen maila akademikoak behera egin duela ondorioztatu dute. Egoera horiei aurre egiteko, arrakala akademikoa handia zuten familiakaz harremanetan jarri ziren hastekoa zen proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eta hartu-emana jasotzeko. Hala, hainbat zailtasuni aurre egin behar izan badiote ere, abuztuan zehar lehenengo esperientzia martxan jartzea lortu zuten; “oso esperientzia polita izan da”. Hala ere, orain, ikasturte berria hasita dagoela, egitasmoa berrikusi eta eskaintza “erreal” bat egiteko lanean hasi direla azaldu du Olabarrietak. 

Ildo horretan, hiru udalerrietako agintariakaz harremanetan jartzen hasi dira, identifikatutako arrakala horiek estaltzeko eta ikasleak laguntzeko proiektua gauzatu ahal izateko. “Guk nahi duguna da udalerrietan programa berezi bat egitea eta bideratzea sortu diren arrakala hauek leuntzeko”. Bitartean, plataformako kideek iragarri dute erantzun boluntario bat eskain dezaketela, “dena dagokion eremu publikotik antolatu arte”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun