Kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 12a, 09:16

Lehen arretarako baliabide gehiago, osasungintzan inbertsio gehiago eta murrizketa eta pribatizaziorik ez egitea aldarrikatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo, eguaztenean, Uribe Kostako osasun zentroetan. Bizkaiko Osakidetzako beharginek gaurko, azaroaren 12rako, deitutako greba egunaren bezperan egin zituzten elkarretaratzeak, eta aurreko egunetan baino askoz ere jende gehiago batu zen aldarrikapenera. Besteak beste, Algortan 140 pertsona batu zen kontzentrazioan, Itzubaltzeta/Romon 52, Plentzian 14, Gorlizen 20, Sopelan 20 eta Erandion 70, besteak beste.

Aurreko mobilizazioetan egin zuten legez, atzoko elkarretaratzeetan bildutakoek azpimarratu zuten osasun arloko langileak "nekatuta eta baliabiderik gabe" daudela; "ondorioz, herritarrak arreta duinik gabe gelditu dira". Horren aurrean, deitoratu zuten zein den gaur egun Osakidetzaren eredua, "mugak agerikoak dituena". Kontuak hala, beste eredu bat aldarrikatu zuten osasun zentroen aurrean bildutako lagunek: "Indarrean dagoenak ez digu balio!".

Mobilizazioak amaitu ondoren, Osakidetzako Bizkaiko langileek azaroaren 12rako deitutako greba deialdiaren berri eman zuten; mobilizazioak egingo dituzte gaur, 11:00etan, herrialdeko ospitale eta osasun zentro guztietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun