Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

Gure baitako mugak hautsi

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Iriondo Urbistazu 2021ko mar. 8a, 10:08

Durangoko 2019ko Jardunaldi Feministetan argi sentitu genuen, besteak beste, arrazakeriaren aurkakoak ere behar zutela gure aldarri eta jarduera guztiek, feminista eta euskaltzale izateko. Emakume Abertzaleen 2020ko Topaketetan ere horretan aritu ginen buru-belarri, orduko azkura eta deserosotasuna indargarri bihurtuz.

Patriarkatua, kapitalismoa, klasismoa, kontsumismoa... erraietaraino sartuta ditugu, eta zapalkuntza horiek betikotu gura dituen sisteman bizi gara eroso, gutxi-asko. Horregatik, norbanakook eta jendarteak gure baitan arakatu eta «istmo» horien zantzu eta aztarna guztiak aurkitu behar ditugu.

Ariketa deserosoa eta mingarria da, egin beharrekoa, ordea, konturatu eta aitortzea zenbat gauza egin eta esaten ditugun oharkabean; zer dagoen horren guztiaren azpian eta atzean; zertan oinarritzen den Euskal Herri honen, gutako askoren ongizatea; nondik eta zer eginez elikatzen diren hemengo enpresa asko, zenbat jende hiltzen ari den sorterrian, itsasoan, lurraren eta uraren defentsan, batzuen diru-gose ase ezinarengatik; eta zenbat aitzakia bilatzen ditugun denok beste alde batera begiratzeko, gure ardurari muzin egiteko.

Zutabe hau zuretzat, Lolita Chávez Ixcaquic maitea!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun